Mundua -
HONDORATZEA
Kanada prest agertu da desagertutakoen bilaketa berriz abiatzeko, eguraldiak ahalbidetzen duenean
Kanadak esan du hondoratzean desagertutakoak bilatzeko asmoa duela berriro, baldintzek ahalbidetzen dutenean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Villa de Pitanxo Espainiako arrantza-ontziaren hondoratzetik berreskuratutako bi arrantzaleren gorpuak garraiatzen dituen Kanadako ontzia Ternuako San Juan portura iritsi da ostiral honetan.
Bizirik atera ziren hiru lagunak, Juan Enrique Padin Costas patroia, Eduardo Rial Padin iloba eta Samuel Kwesi Koufie marinel ghanarra, bai eta zazpi kideren gorpuak ere, Playa de Menduíña 2 Espainiako arrantza-ontzian garraiatzen ari dira, eta larunbat goizean iritsiko dira.
Ternua uhartearen inguruko baldintza meteorologiko txarrek eragin dute Espainiako itsasontziaren etorrera atzeratzea; izan ere, une honetan orduko 120 kilometroko haize-boladak eta eurite handiak izaten ari dira.
Kanadako ontzia, Nexus, kaian lotu ondoren, hildakoen gorpuak lehorreratuko dituzte, aberriratu aurretik identifikatzeko.
Villa de Pitanxo Ternuko Banku Handiaren uretan hondoratu zen astearteko lehen orduetan, San Joanetik 460 kilometro ekialdera, eta 24 pertsona zeramatzan. Horietatik 12 desagertuta daude.
24 tripulatzaileetatik 16 espainiarrak dira, bost perutarrak eta hiru ghanatarrak.
Bestalde, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, EBko eta Lankidetzako ministroak ostiral honetan adierazi duenez, Kanadako Gobernuak "borondatea" agertu du desagertutako marinelak bilatzeko, Villa de Pitanxo Ternuako kostaldearen aurrean hondoratu ondoren. Hori bai, "eguraldiak ahalbidetzen duenean".
Ministroak azpimarratu duenez, bilaketa bertan behera utzi behar izan zuten baldintza meteorologiko txarrengatik, "8 metrotik gorako olatuekin, ikuspen oso laburrarekin eta zero azpitik 3 graduko tenperaturarekin, ia ezinezkoa egiten baitute bilaketa lanetan jarraitzea, eta erreskate taldeen bizitza arriskuan jartzen baitute".