Mundua -
Macron-Putin bilera
Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko denbora badagoela adierazi du Macronek
Emmanuel Macron eta Vladimir Putin hainbat orduz egon dira bilduta Moskun. Frantziako presidenteak aitortu du egoera "larria" dela eta azpimarratu du datozen egunak "erabakigarriak" izango direla.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macronek eta Vladimir Putinek bilera luzea egin dute astelehen honetan Moskun, eta Frantziako Gobernuko presidenteak azpimarratu du oraindik posible dela Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkari irtenbide politikoa ematea.
"Badakigu egoera larria dela, baina badakigu bakea bermatzeko bidea zein den. Ziur nago oraindik badagoela denbora konponbiderako", adierazi du bilera amaitu ostean Putinekin batera egin duen agerraldian.
Hala, Macronek uste du datozen egunak "erabakigarriak" izango direla, eta hainbat elkarrizketa izango direla iragarri du. "Elkarrekin lan egiteko borondatea dugu, Europan egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta, ildo horretan, Errusiari segurtasunaren alorrean bermeak eskaini dizkiogu", ziurtatu du.
Vladimir Putinek, berriz, NATO Ukraina "armaz hornitzen" ari dela salatu du. "NATOko herrialdeak Ukraina arma aurreratuekin hornitzen ari dira; diruz laguntzen diote, Armada moderniza dezaten, eta instruktore militarrak bidaltzen ari dira Ukrainara", ohartarazi du komunikabideen aurrean Macron alboan zuela.
Horrez gain, Putinek berretsi du Errusiak ez duela onartuko Ukrainak Krimea "bide militarraren bidez" berreskuratzea.
Halaber, Ukrainako Gobernuari aurpegiratu dio gatazka bide baketsuetatik konpontzeko aukera "alperrik galtzen" ari dela.