Mundua -
Frantzia
Sexu orientazioa aldatzeko "terapiak" debekatu ditu Frantziak
Lege berriak hiru urtera arteko espetxe-zigorrak eta isunak ezarriko dizkio "tratamendu" horiek egiten dituenari. Bertan homosexualitatea despenalizatu eta 40 urtera onartu dute neurria.
Agentziak | EITB Media
Frantziako Parlamentuak aho batez onartu du sexu orientazioa aldatzeko "terapiak" debekatzeko lege proposamen bat, heterosexualitatea ezarri nahi dutelako, eta hiru urtera arteko kartzela zigorra eta isunak ezarriko dizkiote horiek egiten dituenari.
"Praktika iraingarri horiek ez dute lekurik Errepublikan. Izan ere, norbera izatea ez da delitua, ez baitago ezer sendatzeko", adierazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Twitterren duen profil ofizialean. Homosexualitatea zigortzea debekatu eta 40 urtera onartu dute neurria.
Frantziako Goi Ganberako kide guztiek bozkatu dute lege berriaren alde. Hala, bi urteko espetxe-zigorra eta 30.000 euroko isuna ezarriko dizkiote pertsonen osasun fisikoari edo mentalari eraso egiten dionari.
Gainera, hiru urteko espetxealdia eta 45.000 euroko isuna ezarriko dizkiote, adingabe bati edo urritasunen bat duen pertsona bati eginez gero.
Sexu orientazioa aldatzeko "terapia" horiek, normalean, eragin psikologiko eta fisiko iraunkorrak dituzten abusu-sorta bat izaten dituzte, hala nola exorzismo-saioak, barneratzeak eta elektroshock-saioak.
Erlijioan eta sendagaietan oinarritutakoak ere ohikoak izaten dira. Erlijio-erakundeek egiten dituzte, eta, besteak beste, otoitzak eta sendagaiak erabiltzen dituzte.