Mundua -
ukrainako krisia
AEBk posible ikusten du Europako gas-hornidura Qatarren esku gelditzea, Errusiak Ukraina inbaditzen badu
Unean, Europako gas naturalaren % 40 baino gehiago iristen da Errusiatik, eta errusiar gasaren heren bat Ukraniatik igarotzen da.
agentziak | eitb media
Estatubatuar Gobernuko arduradunek uste dute posible litzatekeela Qatarrek Europari gas naturala bidaltzea, Errusiak Ukrania inbaditzekotan hornidura mozketa balego, Bloomberg agentziak jakitera eman duenez.
Hala, Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak Tamim bin Hamad Al Zani Qatarreko emirrari eskatu liezaioke hilabete amaieran Etxe Zurira bidaiatzeko, besteak beste gai hori eztabaidatzeko.
Europako herrialde batzuk beldur dira Errusiaren aurkako zigor ekonomiko batek euren sistema energetikoan eraginik izango lukeen, sistema hori berez ahulduta baitago pandemiak eragindako krisia dela eta.
Unean, Europako gas naturalaren % 40 baino gehiago iristen da Errusiatik, eta errusiar gasaren heren bat Ukraniatik igarotzen da.
Qatar, bestalde, gas natural likidotuaren ekoizle nagusietako bat da. Ekoizpen horren hiru laurden hornidura energetiko urria duten Asiako herrialdeetara iristen dira, Japoniara edo Koreara, adibidez.
Qatarreko gasaren % 5 baino ez da Europara iristen, Bloombergen kalkuluen arabera.