Mundua -
aeb
Estatu Batuek Ukraina inbaditzeko aitzakia sortzen saiatzea egotzi diote Errusiari
Pentagonotik adierazi dutenez, Moskuk indarrak posizionatu ditu, Ukrainan indarrean sartzeko operazio bat prestatzeko.
agentziak | eitb
Estatu Batuek Ukrainan indarrez sartzeko aitzakia sortzeko "aktiboki lanean" aritzea egotzi diote Errusiari.
John Kirby Pentagonoko ordezkariak prentsaurreko batean adierazi duenez, jakin dute Mosku operazio bat prestatzen ari dela Ukraina inbaditzeko.
Kirbyk azaldu du balizko operazio hori "bandera faltsukoa" litzatekeela, alegia, "errusiarren edo bertako jendearen aurkako eraso bat balitz bezala diseinatutako operazio bat, Ukrainan sartzeko aitzakia gisa".
Era berean, ordezkariak nabarmendu du Washingtonek jakin duela "Errusiaren aldeko aktoreak" probokazio faltsuak zabaltzen hasi direla Ukrainak egindakoak izango balira bezala, bai estatu mailako hedabideetan bai sare sozialetan. Hala, "eraso baterako aitzakia aurrez justifikatzen saiatu nahi dute".
Kirbyk adierazi du ez dela Estatu Batuek Errusia hala jokatzen ikusten duten lehen aldia. Era berean, argitu du Washingtonek uste duela "Errusiako Gobernuko kideak" daudela operazio horren atzean.
Estatu Batuen salaketak gorabehera, Washingtonek ez du uste Putinek Ukrainari erasotzeko erabakia dagoeneko hartu duenik, eta Estatu Batuetako Gobernuak "diplomaziari" eman nahi dio lehentasuna.
Edonola ere, Errusiari egindako ohartarazpena azpimarratu du; "ondorio larriak" egongo direla Ukrainan "beste eraso bat" egotekotan.
Estatu Batuek laguntza militarra eskaintzen diote Kievi eta, unean, Floridako Guardia Nazionaleko 200 agente inguru daude Ukrainan, entrenamendu misio batean.