Mundua -
Kapitolioaren aurkako erasoa
Jacob Chansley 'QAnon Bisontea'ri 41 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote
Kapitolioan sartzearekin okertu zela esan dio Chansleyk epaileari. "Ez dut aitzakiarik", adierazi du gizonak. Egun hartako jokabidea "defendaezina" dela erantsi du.
Agentziak | EITB Media
Jacob Chansley, bisontez mozorrotuta AEBko Kapitolioaren aurkako erasoan parte hartu zuen gizona, zigortu dute asteazken honetan. 41 hilabeteko kartzela-zigorra (hiru urte eta bost hilabeteko espetxealdia) ezarri dio auzitegi federal batek.
"Egin zenuena ikaragarria izan zen", adierazi du Royce Lamberth epaileak Columbia Barrutiko korte federalean.
Nahiz eta Chansleyk azaldutako "ausikia" benetakoa dela uste, Lamberthek azpimarratu du QAnon xamanak egindako delitua "oso larria" dela, eta ez dagoela zigor txikiagoa jartzerik.
Kapitolioan sartzearekin okertu zela esan dio Chansleyk epaileari. "Ez dut aitzakiarik", adierazi du gizonak. Egun hartako jokabidea "defendaezina" da, erantsi du.
Arizonako ultraeskuineko aktibistak bere burua errudun jo zuen irailean, urtarrilaren 6an, Kapitolioaren aurkako erasoa gertatu zenean, Kongresuko saio bati oztopoak jarri izana onartuta.
Errudun aitortu ondoren, Chansleyk 41-51 hilabeteko espetxe-zigorra onartu zuen, Fiskaltzarekin adostuta. Espetxealdiari, baina, urtarrilaren 9tik kartzelan eman duen denbora kenduko diote.
QAnon mugimenduaren konspirazio teorien jarraitzailea da Chansley, eta Kapitolioaren aurkako erasotzaile mediatikoena bihurtu zen; izan ere, bisontez mozorroturik sartu zen Ganberan, eta Senatuko presidentearen eserlekuan jesarri zen.
Hiru egun geroago atxilotu zuten, eta orduz geroztik dago kartzelan. Espetxean janari organikoa eskaintzeko eskatu zuen, eta jateari uko egin zion bederatzi egunez, lortu arte.
Fiskaltzak 51 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen.