Mundua -
Ustelkeria
Kurzek Austriako Gobernua utzi du, ustelkeria akusazioen ostean
Orain arte kantzilerra izandakoari bere ibilbide politikoa bultzatzeko diru publikoa prentsara desbideratzea leporatzen diote. Exekutiboaren etorkizuna Berdeen eskuetan dago orain: Kurzen alderdiaren ala beste koalizio baten artean hautatu beharko du.
Agentziak | EITB Media
Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak kargua utzi du, ustelkeria akusazioen eta Gobernuan bazkide dituen Berdeen presioaren ostean.
"Gure koalizioko bazkideak nire kontrako jarrera argia hartzea erabaki du", esan du Kurzek prentsaurrekoan. Dimisioa hartu zezakeen erabaki bakarra izan da, argudiatu duenez, "pandemia ez da oraindik bukatu, susperraldi ekonomikoa hasi berri da eta arduragabea litzateke kaosera eramango gaituen bidetik jarraitzea".
"Momentu zail honetan, nire ustez, arduragabea litzateke kaosean gelditzea, eta hori bezain arduragabea litzateke, nire ustez, Gobernua lau alderdik osatutako koalizio bati ematea, Herbert Kicklen esku geratuko litzatekeen esperimentu bat eginez", esan du, Austriako Askatasunaren Alderdi (FPO) ultraeskuinarraren liderra aipatuta.
Horregatik, dimisioa aurkeztu du, "herrialdearen interesak nirearekin gainetik jarrita", eta "egonkortasuna eta erantzukizuna" eskatuz. Bere postua Alexander Schallenberg Atzerri ministroak hartuko du, eta Kurzek Austriako Alderdi Popularraren (OVP) buruan jarraituko du.
Galderarik gabeko agerraldi batean, Kurzek esan du akusazioak 2016koak direla eta "faltsuak" direla. Bera eta beste bederatzi pertsonari bere ibilbide politikoa bultzatzeko diru publikoa prentsara desbideratzea egozten diete. Azken astean Fiskaltzak zenbait egoitza ofizial erregistratu ditu.
Prentsaurrekoaren ostean, Elisabeth Koestinger Nekazaritza ministroak Kurzen erabakia txalotu du, "akusazioak argitu arte" Gobernutik irteteagatik. Kurz eta August Woegingerrek OVPren talde parlamentarioaren bozeramaileak izango dira.
Astearterako zentsura mozio bat aurreikusita dago. Exekutiboan dauden Berdeen esku dago orain. Kurz gabeko OVP babestea ala ez erabaki beharko dute.
Bitartean, Austriako Alderdi Sozialdemokrata (SPO) lau alderdik osatutako koalizio bat prestatzen ari da. Berdeez gain, NEOS liberalak eta FPO ultraeskuindarrak egongo lirateke barruan.
Pamela Rendi-Wagner sozialdemokrata, Kurzen dimisioaren aurretik, ultraeskuindarrekin Gobernua osatzearen alde agertu zen, "ezohiko egoerek ezohiko neurriak eskatzen dituztelako".