Mundua -
Italia
Sute batek Milango 20 solairuko eraikin bat kiskali du
Oraindik ez dago argi zerk eragin duen, baina sortutako ke-adar handia hiri osoan ikusi da. Suhiltzaileek hainbat ordu behar izan dituzte garrak itzaltzeko, baina ez da inor zauritu.
Agentziak | EITB Media
Sute batek 20 solairuko eraikin baten fatxada kiskali du igande honetan Milanen (Italia), eta suhiltzaileek hainbat ordu behar izan dituzte garrak itzaltzeko. Ez da inor zauritu, sua piztu dela ohartu direnean eraikina hustu baitute.
Sutea Antonini kaleko etxe orratz batean izan da, Milango aldirietan. Hain zuzen ere, 70 familia bizi dira eraikin horretan, eta suhiltzaileak hainbat orduz aritu dira suaren kontra borrokan, eta ke-adar handi bat sortu da, hiri osotik ikusgai izan dena.
Giuseppe Sala Milango alkatea bertan izan da, eta oraingoz biktimarik ez dagoela baieztatu du. Hala, suhiltzaileek egindako lana goraipatu du, horietako asko "eskuak erreta" zituztela ikusi baititu sua itzaltzen ari zirenean. Sua 17:35ean piztu da.
Eraikineko fatxada guztiz kiskalita geratu da, eta 20 pertsona artatu behar izan dituzte, kea arnastu baitute.
Suhiltzaileak etxez etxe sartu dira, bizilagunen bila. "Ziur gaude irteteko denbora nahikoa egon dela, baina etxe guztiak miatu arte ezin gara ziur egon", azaldu du alkateak.
60 metroko altuera duen etxe orratza eraiki berria da, eta poliestirenozko xafla aurrefabrikatuz egindako fatxada du. Xafla horiek su hartu dute, eta 15. solairutik zabaldu dira garrak.
Oraindik ez dakite zerk eragin duen sutea, baina sortutako ke-adar handia hiri osoan ikusi da.