Mundua -
Espioitza
Baliteke Pegasus programak Emmanuel Macronen telefono mugikor bat zelatatu izana
Frantziako hedabideen arabera, espioitza helburu posibletzat jo zituzten Édouard Philippe lehen ministroaren eta Frantziako Gobernuko beste hamalau kideren telefono zenbakiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen telefono mugikor bat zegoen Pegasus programa israeldarraren espioitza helburuen artean, hedabideen partzuergoak astearte honetan jakitera eman duenez.
Informazio horrek ez du zehazten Macronen telefonoa azkenean programa israeldarrak zelatatu ote zuen ala ez, horretarako terminala aztertu behar baita intrusioaren bila. Nolanahi ere, telefono zenbakia espioitza zerrendetan zegoen.
"Gertakariak baieztatzen badira, oso larriak dira", adierazi du Eliseoko iturri batek.
Le Monde hedabide frantziarraren arabera, Édouard Philippe lehen ministroaren eta Frantziako Gobernuko beste hamalau kideren telefono zenbakiak ere balizko helburu gisa aukeratu zituzten.
Macronek hainbat telefono mugikor erabiltzen ditu eta horietako baten zenbakia Marokoko segurtasun agentzia batek sartu du espioi programaren helburuen artean.
Horrez gain, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak 2019an erabiltzen zuen telefonoa ere Pegasusen helburuen artean zegoela jakinarazi du gaur Le Soir egunkariak.
Garai hartan Belgikako lehen ministroa zen Michel eta orduan erabiltzen zuen mugikorraren ezin izan dute aztertu. Beraz, ezin izan dute baieztatu zelatatu zuten ala ez.
"Bagenuen mehatxuaren berri eta arriskuak murrizteko neurriak hartu ditugu", aitortu du Michelek.