Mundua -
Txile
Emakume maputxe batek gidatuko du Konstituzio berria idazteko batzordea
Elisa Lancon akademiko eta aktibista indigenak gehiengo osoa lortu du bozketan. Hala, munduan lehenengo aldiz, organo paritario batek bideratuko du lege berria.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Txileko Konstituzio berria osatzeko ardura duen batzordeko 155 kideek Elisa Loncon politikari maputxea aukeratu zuten atzo, igandean, prozesuaren buru izateko. Augusto Pinochet diktadorearen garaiko (1973-1990) Konstituzioa dago indarrean orain, eta helburua da hori ordezkatzea.
Lancon 58 urteko emakume akademikoa, linguista eta aktibista indigena maputxea da, eta gehiengo osoz aukeratu zuten bigarren itzulian, batzarraren inaugurazio-saioan. Ekitaldia ia ordubetez gelditu behar izan zen, saioaren hasieran eserlekua hartzeari uko egin zion talde batek egindako protestengatik.
Haren aukeraketaren ondoren, politikari maputxeak bere izendapena ospatu eta ama-hizkuntzan egin zituen lehenengo adierazpenak: "Eskerrak eman nahi dizkiot Txileko herri osoari, herrialdearen historia eraldatzeko asmoz emakume maputxe baten alde bozkatzeagatik". Horren ondoren, adierazpen berberak egin zituen gaztelaniaz.
Kontuak horrela, Konstituzio berria idazteko prozesuari ekin dio Txilek; organo paritario batek zuzendutako lehenengoa izango da munduan, baita herri indigenak barne hartuko dituen lehenengoa ere estatuan. Talde horrek biztanleriaren % 12,8 osatzen du Txilen.
Prozesu eratzaile hori 2019an abiatu zuten, alderdi politikoek hala adostuta, azken hamarkadetako krisi sozial eta ekonomiko handienari aurre egiteko asmoz. Manifestazioak eta protestak etengabeak izan ziren urte horretako urritik 2020ko otsailera bitartean; tarte horretan, 30 pertsona hil eta milaka zauritu egon ziren.
Batzordeak urtebeteko epea izango du Konstituzio berria osatzeko. Ondoren, hori bozkatu beharko dute plebiszitu berri batean, 2022an, oraingoa ordezkatu ahal izateko. Gaur egun indarrean dagoena 1980an onartu zen, Augusto Pinocheten diktaduran, eta herrialde justuago bat eraiki ahal izateko oztopo handia dela salatu dute herritarrek. Izan ere, deitoratu dutenez, kutsu neoliberala du horrek, eta oinarrizko zerbitzuak pribatizatu ditu, hala nola ura, hezkuntza eta pentsio-sistema.