Mundua -
ISRAEL
"Aldaketaren gobernua" baztertzeko dei egin die Netanyahuk eskuineko diputatuei
Oposizioko zortzi alderdi ados jarri dira Netanyahu Gobernutik kanporatzeko. Ituna Parlamentuak berretsi behar du, eta Netanyahu bozketa atzeratzeko ahaleginetan ari da alternatibak porrot egin dezan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak "aldaketaren gobernua" baztertzeko dei egin die oposizioko eskuineko diputatuei. 12 urteren ondoren agintetik kanpo utziko lukeen akordioa ahula da, eta Netanyahu erasora igaro da.
Zortzi alderdiz osatutako koalizioaren baitan, eskuin muturra, eskuina, zentro-eskuina, zentro-ezkerra, ezkerra eta alderdi arabiar islamista elkartu dira. Helburu bakar batek batzen ditu, Netanyahu kanporatzeak. Itunaren ahultasunaren jakitun, Netanyahu lanean ari da bere kontrako alternatibak porrot egin dezan.
Koalizio gobernua Parlamentuak berretsi behar du, eta oraindik ez dute bozketarako datarik finkatu. Oposizioak 61 boto behar ditu gehiengoa lortu eta gobernu berria osatzeko.
Gainera, balizko transfugen mamua ere hor dago.
Benjamin Netanyahuk hainbat bilera egin ditu azken orduetan Likud bere alderdiko kideekin eta aliatu dituenekin, gobernu berri baten osaketa geldiarazteko hurrengo mugimenduak zehazteko.
"Larrialdiko bilera" horretan, Jair Lapid buru izango duen koalizioaren aurkako manifestazio jendetsuak deitzea aztertu dute, Times of Israel egunkariak jakitera eman duenez.