Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Gutxienez 8 pertsona hil dituzte Indianapolisen, FedEx enpresan izandako tiroketan
Erasoan hil diren zortzi lagun horiez gain, tiroketaren ustezko egilea ere hil da.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ameriketako Estatu Batuetan, gutxienez zortzi pertsona hil dituzte Indianapolisen, FedEx mezularitza enpresaren instalazioetan izandako tiroketa batean, bertako agintariek jakinarazi dutenez. Horrez gain, tiroketaren ustezko egilea ere hil egin da.
Hildakoen kopuruak gora egin dezake, izan ere, beste hainbat pertsona zaurituta eraman dituzte ospitaleetara, horietako bat larri.
Tiroketa bertan 23:00ak zirenean gertatu da (ostiral goizaldea Euskal Herrian) hiriko airepotutik gertu dagoen FedEx mezularitza enpresaren instalazio batean. 4.500 pertsonak lan egiten dute bertan.
Hedabideen aurrean egindako agerraldi labur batean, Genae Cook Indianapolisko Poliziaren bozeramaileak iragarri duenez, ustezko erasotzaileak bere buruaz beste egin du.
"Hainbat pertsona ditugu suzko arma batekin zaurituta", esan du Cookek, eta beste hainbat ospitalera eraman dituztela gaineratu du.
Cookek ez du erasotzailearen inguruko xehetasunik eman, baina hainbat lekukok bertako hedabideei esandakoaren arabera, gizon zuria zen.