Mundua -
Hauteskundeak Perun
Keiko Fujimori Peruko hauteskundeetako bigarren itzulian izango da
Presidentetzarako bigarren itzulia ekainean egingo dute, eta 2026ra arte indarrean izango den gobernu berria uztailaren 28an hasiko da lanean.
N. B. | EITB MEDIA
Keiko Fujimori, Herri Indarra alderdiko hautagaia, Peruko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira heldu da, botoen % 13,25 eskuratuta, zenbaketa ofizialaren arabera, akten % 88,8 prozesatu direnean.
Hauteskunde Prozesuen Bulego Nazionalaren azken txostenaren arabera, Fujimori Peru Libreko Pedro Castillo ezker muturreko hautagaiaren aurka lehiatuko da bigarren itzulian, botoen % 18,88 lortu baitzituen.
Fujimorik puntu bat baino gehiagoko aldea atera dio lehen itzulian lehian izan den hirugarrenari, Hernando de Sotori, botoen % 11,90 eskuratu baititu.
Rafael Lopez Aliaga Herri Berrikuntzako ultraeskuindarrak botoen % 11,86 eskuratu zituen.
Guztira, 21,5 milioi hautesle zeuden deituta hauteskunde orokorretan parte hartzera, eta herritarren parte-hartzea % 72koa izan zen, covid-19aren pandemia betean.
Presidentetzarako bigarren itzulia datorren ekainean izango da, eta gobernu berria uztailaren 28an, independentziaren berrehungarren urteurrenaren egunean, abiatuko dute, 2026ra arte.