Mundua -
Heriotza
Kim Jong-un izango da aitaren oinordekoa Ipar Koreako buruzagitzan
KCNA albiste agentzia ofizialak "oinordeko handia" izango dela adierazi du. Oinordekotza prozesuari erreferentzia egiten ditoen lehen aldia da.
Erredakzioa
Kim Jong-un izango da Kim Jong-il aitaren oinordekoa Ipar Koreako erregimenaren buruzagitzan. KCNA Ipar Koreako albiste-agentzia ofizialak esan du Kim Jong-ilen "oinordeko handia" izango dela bere semea. Ipar Koreako hedabideek oinordekotzaz hitz egiten duten lehenengo aldia da.
Kim Jong-un da "Juche iraultzaren oinordekoa eta gure alderdiaren, Armadaren eta herriaren buruzagi nagusia", adierazi du KCNA albiste-agentziak Ipar Koreako erregimenaren ideologiari erreferentzia eginez.
"Tristezia handi hau ausardian bihurtu behar dugu Kim Jong-unen zuzendaritzapean eta borroka egin behar dugu momentu zail hauetan iraultza handiak arrakasta izan dezan", Japoniako hedabideek KCNA aipatuta jaso dutenez. "Kim Jong-unen agintaldia ziurra da iraultza eta oinordekotza betetzeko", gaineratu du agentziak.
Ez dago informazio handirik Kim Jong-uni buruz, baina 29 urte omen ditu eta lau izarreko general eta Langileen Alderdiko Batzorde Militar Zentralaren presidenteorde izendatu zuten 2010ean.