Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Floyden heriotzaren bideoa ikusita abiatu dute Chauvin poliziaren kontrako epaiketa

Astelehen honetan hasi da George Floyden hilketa argitzeko epaiketa Minneapolisen. Derek Chauvin polizia ohia da akusatua.

George Floyden familiaren abokatua, epaitegiaren atarian. Argazkia: EFE
George Floyden familiaren abokatua, epaitegiaren atarian.
George Floyden heriotzaren bideoa ikusiz abiatu da epaiketa

2:16

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

George Floyd afro-amerikarraren hilketa argitzeko epaiketa gaur goizean abiatu dute Minneapolisen. Derek Chauvin polizia ohia da akusatua.

Floyd 2020ko maiatzaren 25ean hil zuten indarkeriaz egindako atxiloketa batean. Oinezko batek dena grabatu zuen eta irudiak laster zabaldu ziren sare sozialen bidez. Herrialde guztian protesta handiak izan ziren poliziaren gehiegikeriak eta arrazakeria salatzeko.  

Lehendabiziko saioan, bideo hori ikusi dute, eta Jerry W. Blackwell fiskalak ondokoa adierazi du, herri-epaimahaiko 12 kideei zuzenduta: "Nire helburua Derek Chauvin errugabea ez beste guztia dela erakustea da, Floyden hilketagatik zigortu dezaten".  

Bideoan ikus daitekeenez, Floyd lurrera bota zuten eta eskuburdinak jarri zizkioten. Minez garrasika aritu zen, amari deituz eta arnasarik hartu ezin zuela behin eta berriz errepikatuz: "Ezin dut arnasarik hartu! Ezin dut gehiago!"

Bitartean, Chauvinek bere belauna Floyden lepoaren aurka estutzen du. Handik igarotzen diren herritarrek gelditzeko eta biktima aske uzteko eskatzen diote, baina berak berdin jarraitu zuen. Ez zuen belauna altxatu anbulantzia iritsi arte, eta ordurako Floyd konortea galduta zegoen.

Salan bildutako pertsonek arretaz eta isiltasunean ikusi dute bideoa.

Chauvin han izan da, bere abokatua ondoan zuela. Burua makurtuta egon da, irudiak ikusteko noizbehinka begirada altxatu badu ere.

Bideoa amaitu denean, Blackwell fiskalak azpimarratu du epaimahaiak irudi horiek oso kontutan izan behar dituela, defentsako abokatuak beste edozein argudio erabilita ere. "Ikusten ari zaretena gertatu zen. Hilketa bat izan zen. Hilketa bat", ziurtatu du.

Balizko zigorrak

Polizia ohiari hiru delitu leporatzen dizkiote: bigarren mailako hilketa (40 urte arteko kartzela-zigorra ezar liezaiokete); hirugarren mailako hilketa (25 urte arteko espetxealdia); eta bigarren mailako homizidioa (10 urte arteko kartzelaldia).  

Alabaina, aurrekari penalik ez duenez, gehienez 12,5 urte arteko kartzela-zigorra ezar liezaiokete lehendabiziko bi kasuetan; eta 4 urteko espetxealdia, homizidioa egotziz gero.

Bestalde, auzitegiaren kanpoaldean hainbat manifestari elkartu dira Floydentzat justizia aldarrikatuz.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Epaiketak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak