Mundua -
Minnesota (AEB)
Derek Chauvin polizia ohiaren aurkako epaiketa hastear da George Floyd auzian
Eraso arrazistak jasan dituzten afro-amerikarren zerrenda tragikoa da AEBetan; 1991ean, Los Angelesen, Rodney King izan zen biktima, eta duela hamarkada bat, Floridan, Trayvon Martin, besteak beste.
EiTB Media | Agentziak
George Floyd auzian, Derek Chauvin polizia ohiaren aurkako epaiketan ahozko argudioekin hasiko dira astelehen honetan.
George Floyd Ameriketako Estatu Batuetako Poliziak hil duen aurreneko gizon beltza ez zen izan, eta ez da azkena izango. Eraso arrazistak jasan dituzten afro-amerikarren zerrenda tragikoa da herrialdean; 1991ean, Los Angelesen, Rodney King izan zen biktima, eta duela hamarkada bat, Floridan, Trayvon Martin, besteak beste.
Poliziaren indarkeriaren biktimak izan diren familia afro-amerikarren aldarrikapen nagusietako bat poliziek "kontuak ematen" ez dituztela da.
Adibidez, Vachel Howard 2012an ito egin zuen polizia lanik eta soldatarik gabe utzi zuten hamaika egunez, ondoren bere lanpostura itzuli zen.
Zentzu horretan, Vachel Howarden familiari borroka judizialean laguntzen ari zaion abokatuak, James DeSimonek, azpimarratu duenez, "legea urratzen duten poliziek ondorio larriagoak" izatea beharrezkoa da, inpunitatearekin bukatzeko.
DeSimone "itxaropentsu" azaldu da George Floyd auziarekin. Polizia ohia erruduntzat jo eta auzi mota hauetan joera aldatzea espero du abokatuak.
George Floydentzako justizia aldarrikatzen duen kartel bat. Argazkia: EFE
Los Angeleseko Poliziak Howard hil zuen urte berean, Trayvon Martin beste afro-amerikar armagabe bat hil zuen zaindari zuri batek Sanford auzoan (Florida, AEB).
17 urteko nerabearen heriotzak eta George Zimmerman erasotzailearen absoluzioak arraza harremanen eta suzko armen erabileraren inguruko eztabaida berriz mahai gainean jarri zuten AEBetan.
Beltz bat hil edo segurtasun indarren abusuen biktima den bakoitzean eztabaida errepikatu egiten da, duela 30 urte Rodney Kingek jipoia jaso ondoren gertatu bezala.
Une horretan bideokamera eskura zuen pertsona batek grabatu ostean, erasoak munduari bira eman zion. Lurrean luze etzanda zegoenean kolpatu zuten King, poliziei aurka egin barik.
Hiru hamarkada geroago, Poliziaren zati batek "patroi" bera jarraitzen du "afro-amerikarrengana hurbiltzeko" orduan, Baba Akili Black Lives Matter erakundeko buruzagiak ziurtatu duenez. Akiliren hitzetan, beltzen kolektiboa "kriminalizatu" dute herrialdea sortu zenetik.
"Haserrea, atsekabea eta amorrua sentitu nituen. George Floyden hilketarekin sentitu nituen haserre, atsekabe eta amorru berdinak", adierazi du Akilik. Poliziak beltz armagabe bat "erasotzen edo hiltzen" duen bakoitzean, historia errepikatzen dela salatu du.