Mundua -

Israel

Milaka israeldarrek Netanyahuren dimisioa eskatu dute, hauteskundeen atarian

Urteko manifestaziorik jendetsuena izan da, Israelgo hedabideen arabera. Astearteko hauteskundeen inguruko galdeketek Likudi ematen diote garaipena. Lehen ministroa ustelkeriagatik epaituko dute.

Manifestazioa Jerusalemen. Argazkia: EFE
Manifestazioa Jerusalemen.
Netanyahuren etorkizuna, jokoan

1:31

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona Jerusalemgo kaleetara irten dira Benjamin Netanyahu lehen ministroaren dimisioa eskatzeko, Israelgo hauteskundeak egiteko bi egun falta direnean, martxoaren 23an.

Manifestazioaren antolatzaileek 15.000 pertsona espero zituzten, baina azkenean 50.000 lagunek parte hartu dute, Israelgo Parlamentutik Netanyahuren etxetik hurbil dagoen Jerusalemgo Paris plazaraino, The Jerusalem Post egunkariaren arabera.

Beste informatzaileek 20.000 pertsona zenbatu dituzte urteko manifestazio jendetsuenean, The Times of Israel egunkariaren arabera.

Ia bederatzi hilabetetik hona ohikoak izaten ari dira lehen ministroaren kontrako martxak larunbat gauetan, baina azken hilabeteetan jende gutxiago ikusi da horietan.

Manifestariek bengalak eta bandera arrosak eraman dituzte. Kolore hori ustelkeriarik, gezurrik eta arrazakeriarik gabeko munduaren aldeko Fronte Arrosaren sinboloa da. Manifestariek Bandera Beltz Mugimenduaren ikurrak ere eraman dituzte.

Parlamentuak Aurrekontuak onartzeko bilerak akordiorik gabe itxi ostean aurreratu zituzten hauteskundeak. Galdeketen arabera, Likudek irabaziko du berriro, baina oso zatituta egongo da Parlamentua, eta blokeek ez dute gehiengorik izango. Hauteskundeen testuinguruan, ustez ustelkeria egiteagatik epaituko dute Netanyahu.

Jerusalemgo Auzitegiak apirilaren 5era arte, hauteskundeen ondoren, atzeratu zuen frogak aurkezteko epea, baina ez zuen aintzat hartu Netanyahuren kontrako akusazioak erretiratzeko eskaera. 2020ko maiatzean bilakatu zen boterean dagoen bitartean ustelkeria kasuengatik epaituko duten lehen gobernuburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Manifestazioak Hauteskundeak gaur Ekialde Hurbila gaur Benjamin Netanyahu