Mundua -
Iruzurra, hauteskundeetan
Gorbachovek Errusian hauteskundeak errepikatzea eskatu du
Presidente ohi sobietarrak adierazi duenez, "hauteskundeetan iruzur anitz eman direla eta emaitzek ez dutela hautesleriaren borondatea islatzen onetsi behar dute Errusiako buruzagiek".
Erredakzioa
Joan den igandean Errusian izandako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak baliorik gabe uztea eta hauteskundeak berriro errepikatzea eskatu die Mijail Gorbachov lider ohi sobietarrak Errusiako agintariei.
"Hauteskundeetan iruzur anitz eman direla eta emaitzek ez dutela hautesleriaren borondatea islatzen onetsi behar dute Errusiako buruzagiek", esan dio Gorbachovek Interfax albiste agentziari. "Agintariek erabaki bakarra hartu behar dutela uste dut: hauteskundeen emaitzak baliogabetu eta berri batzuk egin", gaineratu du.
Presidente ohiaren arabera, "egunek aurrera egin ahala, gero eta errusiar gehiagok uste du hauteskundeetako emaitzak ez direla garbiak". "Nire ustez, iritzi publikoari jaramonik ez egiteak agintearen izen ona kaltetzen du", azpimarratu du.
Azken bi egunetan, protesta herrikoiak eman dira Errusiako hainbat hirietan. Horien ondorioz, milaka lagun atxilotu dituzte. Manifestarien ustez, hauteskundeetan iruzur egin dute Errusia Batua Vladimir Putinen alderdiari mesedea egiteko.
Datu ofizialen arabera, Errusia Batuak bozen % 49,3 eskuratu zuen, hau da, Duma Parlamentuaren 450 eserlekutik, 238 lortu zituen. Oposizioko talde guztiek bat egin dute igandeko hauteskundeetan irregulartasun larriak ustez eman zirela salatzeko.