Mundua -

BAHIKETA

317 ikasle bahitu dituzte Nigeriako nesken eskola batean egindako beste eraso batean

Nazio Batuen Erakundeak zein Europako Batasunak "berehala eta baldintzarik gabe" aske uzteko eskatu dute, adin txikikoek ez baitituzte "gatazken ondorioak sufritu behar".

Azken bahiketatik ihes egitea lortu duten ikasleak. Argazkiak: EFE
Azken bahiketatik ihes egitea lortu duten ikasleak.
Azken bahiketatik ihes egitea lortu duten ikasleak. Argazkiak: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko komunitateak gogor gaitzetsi du ostiral goizaldean Nigeriako ipar-mendebaldeko emakumeen eskola publiko batean izandako bahiketa. 317 ikasle bahitu zituzten Bigarren Hezkuntzako Eskola publikoan, Jangebe hirian (Zamfara estatua), hainbat gizon armatuk zentroari eraso egin ondoren.

NBEk eta Europar Batasunak bahitutako neskak "berehala eta baldintzarik gabe" askatzeko eskatu du, eta azpimarratu du adingabeek ez dituztela "gatazken ondorioak pairatu behar", baizik eta "babestu" egin behar direla, "bakea nagusituko den oraina eta etorkizuna eraikitzeko funtsezko eginkizuna baitute".

Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako goi-ordezkariak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "Nigeriako ipar-mendebaldean eta erdialdean bahiketak eta eraso masiboak ugaritu izanak beldurra eragin eta kalte egiten die herritarren artean ahulenei, haurrei eta emakumeei".

"Ikasleen desagerpena eta eskolen aurkako erasoak eskualdean aritzen diren gaizkile talde eta talde armatuen zigilu bereizgarri bihurtu dira", adierazi du Espainiako ministro ohiak. Europar Batasuna Nigeriako agintariekin eta nazioarteko beste kide batzuekin elkarlanean aritzeko "prest" dagoela gaineratu du, "zibilak babesten laguntzeko".

oheak

Ohe hutsak erasotutako ikastetxean. Argazkia: EFE

Aurreko astean Nigerian bahitutako ikasleak eta langileak, askea

Bestalde, aske geratu dira duela astebete Kagarako Zientzia Eskola publikoan bahitutako 28 ikasle eta langileak.

'Daily Trust' egunkari nigeriarrak kaleratu duenez, guztiak askatu dituzte eta Minna hiribururantz doaz orain, Sani Bello gobernadoarekin biltzera.

Gogoan izan behar da abenduaren 11n beste 344 ikasle bahitu zituztela Kankaran, Katsina estatuan, Nigeriako ipar-mendebaldean. Ordura arte ipar-ekialdean bakarrik egiten zituen erasoak Boko Haramen talde jihadistak. Astebetera aske utzi zituzten ikasleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Bahiketak Eguneko albisteak Albisteak