Mundua -
Aurrezteko neurrien artean
Greziak 16.000 funtzionario kaleratu ditu
Aurrezteko planen artean 2015 urte bitartean 300.000 funtzionario kaleratzea aurreikusi dute.
Erredakzioa
Funtzionarioen lehen taldea kaleratu du jada Greziak, 16.000 lagun. "Erreserban" geldituko dira batzuk eta erretiroa hartuko dute beste batzuk.
Datozen hilabeteetan 35.000 funtzionario baztertuko ditu Gobernuak administrazioko gastuak murrizteko.
Lehen talde honetatik, 2013a baino lehen erretiroa hartu behar duten 10.000 funtzionariok, urtebetez soldataren %60 jasoko dute, eta epe hori amaitzerakoan, berriz lanera bueltatuko diren ala ez aztertuko dute, nahiz eta azkenik behin betiko kaleratzen badituzte ez duten diru-ordainik jasoko. Urtarrilaren 1etik aurrera, erretiroa hartzeko bi urte falta zaizkien beste 12.000 lagun pasako dira "erreserbara". Euren lanpostuak ezabatu egingo dituzte, izan ere, 36 enpresa eta erakunde publiko itxiko dituzte.
Gobernuaren planak 2015 urte bitartean 300.000 funtzionario kaleratzea dira. Dagoeneko 170.000 lanpostu libre gelditu dira aurreratutako erretiroekin edo ordezkatuko ez dituzten bajekin.
Neurri hauek jasango dituzten hegazkintza zibileko langile talde batek, erakunde honek Atenasen duen bulegoetako bat hartu du protesta moduan.
Bestetik, ANA kazetaritza agentziak eta irrati eta telebista publikoak 12 orduko greba deitu dute neurri hauengatik protestatzeko, Estatuko kateetako bat ixtea eta lan taldea murriztea aurreikusi baitute.