Mundua -
HERIOTZA
Carlos Menem hil da, 90eko hamarkadan Argentinako presidente izandakoa
Alberto Fernandez Argentinako presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu, igandetik hasita. Menemen hil kapera Senatuan jarri dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Carlos Menem Argentinako presidente izandakoa (1989-1999) atzo hil zen, 90 urte zituela, Buenos Airesen, bihotzeko gutxiegitasun batengatik, haren abokatuak (Luis Daer) jakinarazi duenez.
Alberto Fernandez egungo presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu haren omenez. "Atsekabe handiz jakin nuen Carlos Saul Menemen heriotzaren berri. Demokrazian aukeratu zuten beti, La Rioja probintziako gobernadore, nazioko presidente eta senataria izan zen", esan du Fernandezek Twitter sarean duen kontuan.
Argentinan presidente karguan denbora gehien eman duen politikariaren azken agurra Senatuan emango diote. Ondoren, Buenos Airesko probintziako hilerri islamiar batean hobiratuko dute, seme nagusiaren ondoan.
Menemek estilo pertsonala zuen, eta ekonomia kudeatzeko ikuspuntu liberala. Horrez gain, ustelkeria kasuek zipriztindu zuten.
Estatuburu izan zen garaian, ekonomian aldaketa sakonak egin zituen eta enpresa publikoak pribatizatu zituen. Azken urteotan, ustelkeria akusazioak tarteko, akusatuen aulkian eseri da, aldi berean, 2005etik senatari izan arren.