Mundua -

Hauteskundeak

Bozak Ekuadorren, kolapso ekonomikoaren eta pandemiaren mehatxupean

Ekuadortarrek 16 presidentegairen artean hautatu beharko dute. Hala ere, inkesten arabera, Andres Arauz, Correa presidente ohiaren hautagaia, da faborito nagusia.

Andres Arauz presidentegaiaren jarraitzaileak. Argazkia: EFE
Andres Arauz presidentegaiaren jarraitzaileak. Argazkia: EFE
Andres Arauz presidentegaiaren jarraitzaileak. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Historia egin behar duen hauteskunde eguna dute igande honetan, Ekuadorren: sekula baino presidentegai gehiago aurkeztu dira, eta herrialdea koronabirus pandemian murgilduta dago. Ekuadorrek Gobernu aldaketa bati helduko dio, kolapso ekonomikoaren mehatxupean.

Gainera, zenbaki makroekonomiko desesperagarriekin kezkaturik, Asanblada Nazionaleko 137 diputatuak eta Andeetako Parlamentuaren bost ordezkari aukeratu beharko dituzte boto-emaileek.

Eragozpen ugari izan dira hauteskunde kanpainan, batez ere hautagaiek izena emateko garaian, baina prozesuak aurrera egin du, erlojupeko lasterketa bat bailitzan.

Parlamentuaren kontrola bereganatzea funtsezkoa da. Ganberaren zatiketak Lenin Morenoren azken agintaldia erabat baldintzatu zuen.

Protestak 2019ko amaieran

Gobernutik "lasaitasuna" eskatu dute, elkarbizitza nagusitzeko; izan ere, protesta ikaragarriak izan ziren Ekuadorren, 2019ko amaieran. Morenoren Exekutiboak erreforma ekonomikoa bultzatu zuen, erregaiari diru-laguntzak kenduz. Agintariaren hitzetan, diru-laguntzak "kontrabandistei soilik mesede egiten die".

Nazioarteko Diru Funtsaren plana jarraitzeak herrialdea salbuespen egoerara eraman zuen. Gobernuaren egoitza ere aldatu behar izan zuten. Asaldaketa Latinoamerika osora zabaldu zen.

Indigenak Riobamban (Ekuador). Argazkia: EFE

Indigenak Riobamban (Ekuador). Argazkia: EFE

Orain herritarren % 10ek soilik babesten dute Moreno. Batzar Nazionalaren balorazioarekin gauza bera gertatzen da.

Hauteskundeak une erabakigarrian heltzen dira; izan ere, ekonomia suspertzeko neurriak itopuntuan daude, pandemiaren ondorio ikaragarrietan murgildurik. Covid-19ak milioi bat hildako baino gehiago utzi ditu kontinente osoan.

Correa, hauteskundeetatik at

Gainera, Rafael Correa presidente ohia hauteskundeetatik at utzi zuten. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak (CNE) bere alderdiaren iragarkietan agertzea ere debekatu zion Correari.

Kanpaina otsailaren 4an bukatu zen. Urtarrila erdialdera, gutxi gorabehera boto-txartelen erdia inprimatu zituztenean, Pedro Jose Freites presidentegaiari eta haren alderdiari (AMIGO) eragiten zien akats baten berri eman zuen CNEk. Boto-txartelak deuseztatu eta berriz inprimatu behar izan zituzten.

Inkesten arabera, Andres Arauzek lortuko du garaipena. Correak Arauzi babesa eman dio Belgikatik.

Guztira, 16 presidentegai aurkeztu dira hauteskunteetara, horien artean, Correaren begikoa, enpresaburu kontserbadore bat eta buruzagi indigena bat. Inork botoen % 40 edo 10 puntuko abantaila lortzen ez baldin badu, apirilaren 11an bigarren itzulia izango dute hautagaiek.

Andres Arauz faborito nagusia eta hautagairik gazteena da. Herrialdea Correak markatutako bidera itzuliko duela agindu du Arauzek, Morenoren "politika neoliberalak" bertan behera utziz. NDFren mailegua kritikatu eta aurreko Gobernuaren murrizketak atzera bota nahi ditu. Azkenik, Ekuadorreko amei diru-laguntzak ematea agindu du.

Azken egunetan hauteskunde giroak nazioarteko dimentsioa hartu du; izan ere, Arauzen kanpainari ELN Kolonbiako gerrillaren finantziazioa jasotzea leporatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Ekuador Hauteskundeak