Mundua -
Gobernu krisia
Bilera sorta abiatu du Mattarellak Italian gobernu berria eratzeko asmoz
Arratsaldean, Diputatuen Ganberako presidenteekin bilduko da. Ostegunean eta ostiralean, berriz, Parlamentuko taldeak hartuko ditu.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Italiako presidente Sergio Mattarellak hiru eguneko bilera sorta abiatuko du gaur, gobernu berria eratze aldera. Giuseppe Conte lehen ministroaren dimisioak bultzatuta hasiko ditu solasaldiak presidente italiarrak. Bitartean, lehen ministro izaten jarraitzeko babesa bilatzen saiatuko Conte.
Arratsaldean, Diputatuen Ganberako presidenteekin bilduko da Mattarella. Ostegunean eta ostiralean, berriz, Parlamentuko taldeak hartuko ditu. Ordura arte ez dute gobernu berriari buruzko xehetasunik emango.
Esan bezala, Contek ere zenbait hitzordu aurreikusi ditu egunotarako, "Salbazio nazionalerako Gobernua" osatu ahal izateko. Asmoa da berorrek zuzentzea gobernu berri hori, baina horretarako "Errepublikan sinisten duten" gobernukideak bilatu nahi ditu, asteartean sare sozialen bidez jakinarazi zuenez.
Deialdi horri erantzunez, azken orduetan hamar senatariz osatutako "Europeistak" izeneko talde berria sortu dute Senatuan. Besteak beste, 5 Izarren Mugimenduko eta talde mistoko ordezkari ohiek osatzen dute, eta, dirudienez, Conteren Gobernua babesteko prest daude.
Hala ere, hamar senatari horiekin Contek ez du behar adina babes Gobernu berri baten osaketa ziurtatzeko. Horregatik, krisia piztu zuen Matteo Renziren Italia Viva alderdia litzateke giltzarri Conte berriro ere lehen ministro aukeratzeko orduan.