Mundua -
Galdeketak
Breivikek Norvegiako lehen ministroaren bulegoa lehertu nahi zuen
Gro Harlem lehen ministro ohia, Kanpo Arazoetako ministroa eta gazte sozialdemokraten presidentea ziren bere helburu nagusiak, "A kategoriako traidoreak" zirelako.
Erredakzioa
Anders Behring Breivik ultraeskuindarra eta Norvegiako uztaileko atentatuen arduradunak Jen Stoltenberg lehen ministroaren bulegoa lehertzeko asmoa zuen. Uztailaren 22ko atentatuetan 77 pertsona hil ziren.
Norvegiako Gobernuaren egoitzaren eraikina bonbaz botatzen porrot egin zuenean, Breivikek Utoyako irlara joateko erabakia hartu zuen sarraskia egiteko, Osloko VG egunkariak argitaratu duenez. Hedabide horrek Poliziak Breiviki egindako galdeketen zatiak publikatu ditu.
Egunkariak gogora ekarri duenez, Breivikek bonba-auto bat eztandarazi zuen Norvegiako Gobernuaren auzoan eta 8 pertsona hil zituen. Ondoren, Utoyako irlara joan zen eta gazte sozialdemokraten kanpaldiako 69 kide hil zituen tiroz.
130 orduko galdeketak
Publikatutakoaren arabera, 32 urteko ultraeskuindarrari 18 galdeketa egin dizkio Poliziak: guztira, 130 ordu.
Galdeketa horietan, Breivikek bere helburu nagusiak zeintzuk ziren azaldu du: Gro Harlem Brindtland lehen ministro ohia, Jonas Gahr Store Kanpo Arazoetako ministroa eta Eskil Pedersen gazte sozialdemokraten presidentea. Bere hitzetan, horiek guztiak "A kategoriako traidoreak" dira.