Mundua -
Jihadismoa
Boko Haramek bahitutako 300 haurrak askatu dituztela iragarri du Nigeriak
Halaber, 344 bahituak osasunez ondo daudela jakinarazi du, eta horietako inor ez dela euren bahitzaileen eskuetan hil.
agentziak | eitb media
Nigeriako agintariek ostegun honetan adierazi dutenez, Boko Haram talde jihadistak Katsinako (ipar-mendebaldea) eskola batean bahitutako 300dik gora haur askatu dituzte.
Aminu Bello Masari Katsinako gobernadoreak azpimarratu duenez, askatutakoak bihar eramango dituzte Zamfaratik estatuko hiriburura, Pulse Nigeriako albiste-atariak jakitera eman duenez.
Halaber, BBC telebista kate britainiarrari egindako adierazpenetan, 344 liberatuak osasunez ondo daudela esan du, eta horietako inor ez dela euren bahitzaileen eskuetan hil.
Kankarako institutuan 300 ikasle baino gehiago bahitu izana Boko Haramen operaziorik handiena izan da Nigeriako ipar-mendebaldean, izan ere, bere ekintzak segurtasun indarren aurkako segadetara eta eskala txikiko bahiketetara mugatu zituen azkenaldian.
2014ko apirilean Chibokeko (Bornoko estatua) ikastetxe bateko 276 neska bahitu zituzten; horietako 112 oraindik ez dakite non dauden, eta 164 askatu zituzten. Bahiketak gaitzespen olde bat eragin zuen, ez bakarrik maila nazionalean, baita nazioartean ere, eta mugimendu bat sortu zuen, #BringBackOurGirls, biktimen familiei laguntzen diena.