Mundua -
Erasoa
Mohsen Fajrizadeh Irango zientzialari nuklear ospetsua hil dute Teheranetik gertu
Bere ibilgailuaren aurkako erasoan larri zauritu dute zientzialaria, eta gutxi geroago hil egin da ospitalean. Eraso terroristatzat jo dute bertako komunikabide ofizialek.
Agentziak | Erredakzioa
Mohsen Fajrizadeh Irango zientzialari nuklear ospetsua eraso batean hil dute Absarden, Teherango probintzian, Irango Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.
Mendebaldeko inteligentziaren arabera, Fajrizadehek Irango programa nuklearra zuzendu zuen. Are gehiago, NBEko zigor ebazpenetan agertu izan da, arma atomikoen garapenarekin zerikusia duelakoan.
Bere ibilgailuaren aurkako erasoan larri zauritu dute zientzialaria, eta handik gutxira hil egin da ospitalean. Eraso terroristatzat jo dute bertako komunikabideek. Erasoan gutxienez leherketa bat izan da, eta autoa tirokatu dute.
Zientzialaria babesten zuten bizkartzainek erasotzaileei aurre egiten diete, eta atentatuan zauritu dituzte, Defentsa Ministerioak baieztatu duenez. Eraso terroristatzat jo dute bertako komunikabide ofizialek.
Israelgo Mosaden hilketak?
Erasoaren egilea oraindik ez dute zehaztu, baina 2010 eta 2012 artean gertatutako beste hilketa batzuen antza du. Orduan ere, Irango beste zientzialari nuklear batzuk hil zituzten.
Hilketak Mosad Israelgo inteligentzia agentziari leporatu zizkioten Irango agintariek. Ibilgailuetan lehergailuak zartarazita edo tirokatuta hil zituzten zientzialariak.
Teheranek bonba atomikoa ez lortzeko, Iranek eta beste sei potentzia handik akordio bat sinatu zuten 2015ean, Teheranen programa nuklearra mugatzeko.
JCPOA ingelesezko siglekin ezaguna da ituna, baina oso ahulduta dago orain, Washingtonek hautsi eta Irani berriro zigorrak ezarri ondoren.