Mundua -
SARKOZYREN AURKAKO EPAIKETA
Hasi da Sarkozyren aurkako epaiketa Frantzian, ustelkeriagatik
Frantziako presidente ohiak beste bi prozedura judiziali ditu aurrerik, baina bere errugabetasuna babesten du kasu guztietan, eta instrukzio epaileen "konplot politiko" baten biktima dela dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzian gertakari historikoa dute gaur. Nicolas Sarkozy presidente ohia akusatuen aulkian eseriko da ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik. Erruduntzat jotzen badute, 10 urte arteko espetxe zigorra ezarriko diote. Hasiera batean, epaiketa abenduaren 10ean amaitzea aurreikusi da.
2007 eta 2012 artean Frantziako presidente, Sarkozyk beste bi kasu legal ditu aurretik. Presidente ohiaren egoera judiziala korapilatsua bada ere, politikari kontserbadore ohiak errugabea dela berretsi du kasu guztietan eta bere aurkako konspirazio handi baten biktima dela dio.
Sarkozyk 65 urte ditu eta politikatik erretiratuta dago 2016az geroztik. Presidente ohia auzitegi penalaren aurrean agertuko da, Thierry Herzog abokatuarekin batera, Gilbert Azibert orduan Auzitegi Gorenean abokatu nagusi zen magistratua erosten saiatzeagatik.
Akusazioaren arabera, Sarkozyk eta Herzogek lanpostu bat eskaini zioten Aziberti Monakoko Estatu Kontseiluan, presidente ohiaren aurkako beste ikerketa judizial batean laguntzearen truke.
Hirurei ustelkeria (aktiboa edo pasiboa) eta influentzia trafiko delitu berberak egotzi dizkiete, eta Herzogi, gainera, sekretu profesionala urratzea egozten zaio. Fiskaltzaren zigor eskaera bera egin dute guztiek: 10 urteko kartzela zigorra eta milioi bat euroko zigorra.
Telefono bidezko elkarrizketak, gako nagusiak
Auzia Sarkozyren eta Herzogen arteko telefono bidezko elkarrizketa batzuetan oinarritzen da. Dei horietan, ustez, biek Aziberti postua eskaintzen zioten baldin eta politikariari ikerketa baten egoeraren berri ematen bazion.
Kasua ikertze aldera, 2013 amaieran, epailearen baimena jaso ostean, Sarkozy telefono bidez entzun zuten ikertzaileek. Hala, 2014an, Sakorzyk beste telefono-linea bat zuela atzeman zuten, Paul Bismouth izenean aritzen zena, eta, bertatik, ustezko konspirazioa mantendu zuen bere abokatuarekin.
"Lagundu egingo diot, igoaraziko dut", dio presidente ohiak elkarrizketa batean.
Frantzian, bezeroaren eta abokatuaren arteko komunikazioak sekretuak dira, baina salbuespen bat dago abokatuak ustezko ekintza kriminal batean parte hartzen duenean.
Azkenean, Sarkozyk eta Herzogek ez zuten planarekin aurrera jarraitu. Akusazioaren arabera, Justizia aparatuaren barruko norbaitek entzuketen berri eman zien, eta, hori dela eta, atzera egin zuten eta azken elkarrizketetan disimulatzen saiatu ziren.
Sarcozyren aurkako beste bi kasu
Eta hori da, hain zuzen ere, "Sarko" izenez ezagutzen den politikari kontserbadore ohiak aurre egin behar dien hiru prozedura judizialetatik lehena.
Lehenik eta behin, oso aurreratuta dago Muamar Gadafiren Libiako erregimenaren 2007ko kanpainako finantziazioaren inguruko epaiketa. Urrian, gaizkileak elkartzeagatik inputatu zuten.
Azkenik, datorren urteko martxoa eta apirila bitartean akusatuen aulkian eseriko da, François Hollande sozialistak garaitu zuen 2012ko kanpainako ustezko legez kanpoko finantzazio batengatik.
Presidente ohiak bere errugabetasuna babesten du kasu guztietan, eta instrukzio epaileen "konplot politiko" baten biktima dela esan du.