Mundua -
Assangek adierazi duenez
Wikileaks denboraldi baterako itxi dute, finantza arazoengatik
Mundu osoko gobernuentzat konprometigarriak izan diren dokumentuak argitaratu dituen erakundeak sekretu ofizialak zabaltzeari utziko dio, finantziazio faltagatik.
Erredakzioa
Mundu osoko gobernuentzat konprometigarriak izan diren dokumentuak argitaratu dituen Wikileaks erakundeak sekretu ofizialak zabaltzeari utziko diola esan du astelehen honetan, finantziazio faltagatik.
Horren berri Julian Assangek eman du, Londresen egindako prentsaurreko batean. Orain, Wikileaksen sortzaiela Erresuma Batuan atxikita dago, Suediara estraditatzeko epaiketa bat amaitzeari itxaroten, sexu-erasoak egitea leporatuta.
Wikileaksek jakitera eman duenez, sekretu ofizialak zabaltzeari utziko dio Estatu Batuetako erakunde batzuek, besteak beste, Bank of Americak, Visak, Mastercardek, PayPalek eta Western Unionek "blokeo arbitrario eta legez kanpokoa" egin ziotelako, finantzatzeko aukerarik gabe utzita.
Wikileaks orain diru funtsak lortzen saiatuko da, blokeoak atariaren % 95 suntsitu duelako eta hamaika hilabeteetan hainbat milioi euro galdu dituelako, diru emaileek utzi egin dutelako.