Mundua -
Argentina
Cristina Fernandezek aise irabazi ditu hauteskunde orokorrak
Argentinako presidenteak karguan jarraitu ahal izango du, botoen % 53 lortuta eta Hermes Binner sozialistari 36 puntuko aldea aterata.
Erredakzioa
Cristina Fernandez Argentinako presidenteak aise irabazi ditu hauteskunde orokorrak, demokrazia berriz ezarri zenetik izandako garaipen handienarekin: botoen % 53 lortu ditu eta Hermes Binner sozialistari 36 puntuko aldea atera dio, lehen emaitzen arabera.
Parte-hartze datua ere historikoa izan da, boto eskubidea dutenen % 76 joan baitira hauteslekuetara.
Duela urbete Nestor Kirchner senarra (presidente izan zen 2003tik 2007ra) hil zenetik, Cristina Fernandezek batasun mezuak eman ditu, eta adituen ustez, hori oraingo garaipenaren gakoetako bat da.
Halaber, Fernandezek eutsi egin die giza eskubideen inguruan senarrak abiatutako politikei, diktadura militarreko errepresiogileen aurkako epaiketei, kasu; hobetu egin ditu pentsioak eta gutxieneko soldata, eta sakondu egin du diru-laguntza politikan.
Azken urtean, presidenteak klase ertainaren babesa lortu du. Buenos Airesen lortutako garaipena da horren adibide, kontserbadoreen esku baitzegoen.
Lehen emaitzen berri izan eta gero, milaka pertsona hiriburuko kaleetara atera dira, Fernandezen garaipena ospatzeko.
Bozka ematerakoan, Cristina Fernandezek Nestor Kirchner gogora ekarri zuen.