Mundua -
Amnistia Birmanian
Amnistia bati esker 6.000 preso kaleratuko dituzte Birmanian
40 urtez jeneralen eskutik gobernatuta egon ostean, Birmaniak “diziplinatutako demokrazia” bat ezarri nahi du.
Erredakzioa
Birmaniako ( Myanmar) estatu-telebistak iragarri duenez, 6.359 preso kaleratuko dituzte epe laburrera, nahiz eta oraindik ezin den jakin horietatik zenbat diren herrialde horretan dauden preso politikoen kolektiboaren parte.
Iragarpen hau gobernuak berriki sortutako giza eskubideen komisioak kaleratutako eskariaren ostean egin da. Eskari horretan komisioa Thein Seinengana zuzendu zen zuzenean, eta “kontzientzia” presoen gaineko amnistia bat eskatu zion.
Birmaniako kartzeletan 2.000 preso politikotik gora daudela kalkulatzen dute giza eskubideen aldeko mugimenduek. Estatu Batuek eta Europar Batasunak, asiako herrialde honen gaineko zigorrak kentzeko baldintza garrantzitsu bezala hartzen dute preso horiek kartzelatik ateratzea. Azkenaldian, presoak kaleratzearen inguruko zurrumurruak indartu egin dira
Batzorde militarra deuseztatu eta gobernu berriak boterea hartu zuenetik, irekitasunaren aldeko neurri garrantzitsuena bihurtu daiteke hau, betiere azkenean gauzatzen bukatzen bada.
“Demokrazia diziplinatu” baterako transformazioa gauzatzen ari da Birmanian, azken 40 urteetan jeneralek osatzen zuten batzorde militarraren ostean. Transformazio hori 2008ko Konstituzio berriaren onarpenarekin hasi zen, eta 2010ean ospatutako hauteskundeek aldaketa hori berretsi zuten.
Dena dela, oposizio demokratikoak, Aung San Suu Kyi Bake Nobel saria irabazi duen emakumeak gidatutakoak, erreferendum konstituzionala boikoteatu zuen, era antidemokratiko baten antolatuta zeudela uste baitzuten, baina azken hilabeteetan elkarrizketa itxaropentsua zabaldu da.