Mundua -
Europar Batasuna
Von der Leyen: "EBri osasun arloko eskumenak ematea eztabaidatu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak uste du garaia iritsi dela Europar Batasunari osasun arloko eskumenak emateko, pandemia bezalako mehatxuei heldu ahal izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du garaia iritsi dela Europar Batasunari (EB) osasun arloko eskumenak eman ala ez eztabaidatzeko, pandemia bezalako mehatxuei aurre egin ahal izateko.
"Inoiz baino argiago dago osasun arloko eskumenen gaia eztabaidatu behar dugula", esan du Von der Leyenek Europar Batasuneko egoera aztertzeko saioan EBko presidente gisa eman duen lehen hitzaldian, pandemia garaian bizia jokoan duten osasun arloko profesionalei aipamen berezia eginez.
Batzordeko presidenteak erreserba estrategiko bat sortzea proposatu du, Europar Batasunetik hirugarren herrialdeekiko mendekotasunik ez izateko, bereziki sendagaiei dagokienez, eta osasun arloko mehatxu eta larrialdiei aurre egiteko agentzia bat sortzea.
Halaber, Bruselak Sendagaien Europako Agentzia eta Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroa indartzea eta botere gehiago ematea proposatuko duela esan du.
"Osasunaren Europar Batasuna indartsuagoa izan behar dugu", azpimarratu du Europako Batzordeko presidenteak.
Gainera, datorren urtean osasun arloko goi-bilera deituko duela azaldu du, pandemiatik ikasgaiak ateratzeko.
Aitortu duenez, pandemiak agerian utzi du gure gizarteen "hauskortasuna", eta "hondar ale bat baino txikiagoa den birus batek bizitza zein delikatua izan daitekeen erakutsi du", baita "aberastasuna ongizatearen gainetik baloratzen duen sistema baten mugak" ere.
Von der Leyenen arabera, "mundu hobe bati forma emateko elkarrengan eta EBn konfiantza izatea" pandemiari aurre egiteko plan baten ondorioa izan da, "750.000 milioi euro izango ditu eta merkatuetan zorra jaulkiz finantzatuko da, Europar Batasuneko aurrekontuaren babesarekin".