Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Zazpi polizia zigortu dituzte Rochesterren afroamerikar bat hiltzeagatik
Hildakoaren familiak agenteen gorputz-kamerekin grabatutako irudiak argitaratu ondoren iritsi dira zigorrak, burua nola estali zioten eta buruz behera nola jarri zuten ikusten baita bertan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rochester (New York) hiriko zazpi poliziak afroamerikar bat hil omen zuten joan den martxoan. Burua estali eta lurraren kontra estutu zioten, bi minutuz. Lovely Warren alkateak jakitera eman duenez, agenteak kaleratu egin dituzte.
"Daniel Prude gure herrian zendu zen. Poliziaren indarkeriaren ondorioz galdu zuen bizia", adierazi du Warren alkateak.
Pruderen familiak agenteei hilketa leporatzeko exijitu du, eta horretarako, gertatutakoa jaso zuten agenteen gorputz-kamerek grabatutako bideoak argitaratu dituzte.
Martxoaren 23an gertatu zen arren, familiak aste honetan eman du jakitera lau haizeetara, arestian aipatutako bideoa argitaratuta, poliziaren indarkeria kasu bat izan zela baieztatu ostean.
Astebete geroago hil zen Prude, hain zuzen ere, martxoaren 30ean, jasotako astinduaren ondorioz, bizi-euskarriko neurriak kendu zizkiotenean.
Warrenen hitzetan, gorputz-kamera horiekin grabatutako bideoetan hainbat agenteren aurpegiak garbi atzeman daitezke eta gainerakoek "eraso hori gelditzeko betebeharra zuten".
Alkateak hedabideen aurrean ostegun honetan aitortu eta CNN katearen bidez jakin dugunez, hiriko polizien buruak iruzur egin zion, Prude gaindosi baten ondorioz hil zela esan baitzion.
Gainera, alkatearen esanetan, "zuria izan balitz, ez zioten tratu bera emango".
"Egiturazko arrazismo instituzionalak hil zuen Daniel Prude. Ezin dut hori ukatu. Horri aurre egingo diot eta justiziaren alde egingo dut", adierazi du Warrenek.
Bestalde, New Yorkeko gobernadore den Andrew Cuomok esan du Pruderen hilketaren aurrean erantzunak eman behar direla.
"Atzo gauean ikusi nuen Pruderen hilketaren bideoa. Oso irudi gogorrak dira eta egoera oso larria da. Erantzunak behar ditugu", esan du Cuomok ohar baten bidez.
Pruderen kasua, ordea, ez da Ameriketako Estatu Batuetako arrazismoaren biktima bakarra, azken asteotan hainbat kasuren berri eman baitute, eta horrek hautsak harrotu ditu herritarren artean.