Mundua -
Mali
Maliko militarrek estatu-kolpea eman dute
Kolpistek diote presidentea eta lehen ministroa dituztela euren eskutan. Estatu-kolpeak, antza, arrakasta izan du, eta milaka herritar irten dira kalera Bamako hiriburuan, gertaturikoa ospatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bamako Maliko hiriburuan astearte honetan estatu-kolpea egin duten militarren esanetan, Ibrahim Bucabar Keita presidentea eta Bubu Cisse lehen ministroa euren eskutan daude.
Katiko kuarteletik abiatu da mugimendua goizean; bertan matxinatu diren militarretako batek kazetariei esan dienez, errepublikako bi agintari nagusiak euren eskutan daude. Ez du beste xehetasunik eman.
Egia esan, presidentea eta lehen ministroa ez dira jendaurrean agertu. Hasiera batean, matxinada zirudien, baina, gerora baieztatu denez, estatu-kolpea izan da.
Cissek ustez sinatutako agiri batean, eskaria zen kolpistekin hitz egitea. Begiraleek, baina, zalantzan jarri dute agiria; haien iritziz, Cisseren inguruko batzuek idatzi dute, egoeraren larritasuna ezkutatzea helburu.
Kolpea garaitu omen da. Albistea azkar hedatu da Bamakon; ibilgailu militarrak zebiltzan bertatik, eta milaka herritar irten dira kalera, jai-giroan, gertaturikoa ospatzeko. Antza, ez da odolik isuri.
Nazio Batuen Erakundearen eta beste erakunde batzuen salaketa
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Maliko "matxinada militarra" salatu du, eta eskatu du herrialdeko presidentea eta Gobernuko beste kide batzuk segituan eta baldintzarik gabe aske uztea.
Agiri batean, Nazio Batuek kezka adierazi dute, Maliko azken gertakariengatik, eta eskaria egin du "ordena konstituzionala eta zuzenbidezko estatua" segituan berrezartzeko.
Nazio Batuen Erakundeko nagusiak "irtenbide negoziatu eta baketsua" eskatu du krisirako, eta babes osoa agertu die Afrikako Batasunak eta Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Erkidego Ekonomikoak egindako ahalegin diplomatikoei.
Afrikako Batasuneko Batzordeko presidente Moussa Faki Mahamatek ere salatu du Maliko presidentearen, lehen ministroaren eta beste goi-kargu batzuen atxiloketa; Twitterren zabaldutako mezu baten bidez, gaitzetsi du herrialdean "Konstituzioaren aurkako edozein aldaketa egoten ahalegintzea". Halaber, eskatu die matxinatuei "indarkeria alde batera uzteko, eta errepublikako erakundeak errespetatzeko".
Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak ohartarazi du estatu-kolpe bat "inoiz ez" dela "krisi baterako konponbidea": "Europar Batasuna gertutik ari da jarraitzen Malin gertatzen ari dena. Estatu-kolpe bat inoiz ez da krisi baterako konponbidea, krisia oso sakona bada ere", idatzi du Michelek, Twitterren.
Afrikan garrantzia duten herrialde nagusiek eta nazioarteko erakundeek aho batez salatu dute Maliko estatu-kolpea.
Krisi politiko larria
Malin krisi politiko larria dago, eta, horrez gain, Al-Qaidaren eta Estatu Islamikoaren filialek ekintzak gauzatu dituzte. Halaber, erkidegoen artean, indarkeria gero eta handiagoa da.
Mahmud Dicko beso luzeko imamaren inguruan bildutako oposizioko talde batzuek presidentearen dimisioa eskatu izan dute otsailetik; izan ere, leporatzen diote bera dela herrialdearen egungo egoeraren erantzulea. Gainera, koronabirusaren pandemia ere gehitu da.