Mundua -
BIELORRUSIA
Bielorrusiako indarkeriaren "erantzuleak" zigortuko ditu EBk
Kanpo Ekintzako Zerbitzuak EBren aktiboak izoztea eta Batasuneko lurraldera bidaiatzeko debekua ezarriko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasunak (EB) Bielorrusiako funtzionarioen aurkako zigorrak gogortzeko prestatze lanak hasi ditu, joan den irailaren 9an izandako presidentetzarako bozen emaitzak "faltsutzearen erantzuleak" eta ondoren kaleetan izandako indarkeria leherketa dela eta.
"EBk ez du onartzen hauteskundeen emaitza. Indarkeriaren eta iruzurraren erantzuleak zigortzeko lanak hasi dira", esan du Josep Borrell EBko Atzerri Politika eta Segurtasun Komunerako goi ordezkariak Twitterren egindako ohar batean.
Kanpo Ekintzako Zerbitzuak banakako murrizketen jomuga izango diren pertsonen zerrenda landuko du. Murrizketa horien artean aktiboak izoztea eta Batasuneko lurraldera bidaiatzeko debekua ezarriko da.
Bielorrusia hilaren 9tik ari da Alexandr Lukashenko presidentearen garaipenaren aurkako protesta oldea bizitzen (1994tik dago boterean), botoen % 80rekin berriro hautatua izan baitzen iruzur susmoa duten hauteskundeetan.
Ezetza herrialdera sartzeari
Ostiralean zehar, Bielorrusiako agintariek Robert Biedron Bielorrusiarekin harremanak izateko Europako Parlamentuaren ordezkaritzako presidenteari herrialdean sartzea galarazi diote, Minskeko aireportura iristean.
Erakunde horretako talde sozialdemokratak adierazi duenez, agintariek Biedroni jakinarazi diote bere izena Barne Ministerioak igorritako zerrenda batean dagoela, eta horren ostean azaldu diote hurrengo hegaldian ontziratu behar zuela.
Era berean, Europako Parlamentuak Bielorrusiarako duen kontalariak, Petras Austreviciusek, ez du baimenik jaso Minskera doan hegaldi batean ontziratzeko. Biek herrialdea bisitatzea pentsatua zuten, egoera bertatik aztertzeko.