Mundua -
Gerra Libian
Erreboltarien arabera, baliteke Gadafik Libia utzi izana
Gainera, Sky News kate bretainiarraren arabera, gutxienez 53 hilotz aurkitu dituzte Tripoliko biltegi batean. Antza, dituzten zantzuak ikusita, Gadafiren tropek aste honetan bertan exekutatu dituzte.
Erredakzioa
Erreboltarien iturriek jakitera eman eta MENA Egiptoko albiste agentzia ofizialak zabaldu duenez, baliteke Muamar Gadafi Libiako buruzagia edo haren semeak herrialdea utzi izana sei Mercedes ibilgailuetan Aljeriako muga zeharkatuz.
Informazio hau ez dute baieztatu eta ordura arte ez dago argi nor zihoan ibilgailu horietan baina MENAk azaldu duenez, litekeena da Libiako Gobernuko goi-karguak bertan izatea edo are gehiago, Gadafi nahiz bere semeak ere izatea. Aljeriako agintariek, berriz, ez dituzte informazio hauek baieztatu ala ukatu.
MENAk adierazi duenez, erreboltariek ezin izan duten ibilgailu taldea geldiarazi. Hori gertatu baino ordu batzuk lehenago, Gadafi harrapatzeko oso gutxi falta zitzaiela azaldu zuten errebeldeek. Libiako diktadorearen kokalekua ezezaguna da matxinoek Bab al Aziziya gotorlekua mendean hartu zutenetik.
53 hilotz, biltegi batean
Gutxienez 53 hilotz aurkitu dituzte Tripoliko biltegi batean, Sky News kate bretainiarrak emandako informazioaren arabera. Gorputzek dituzten zantzuak ikusita, aste honetan bertan exekutatu dituztela uste da, ustez Gadafiren aldeko tropek hil dituzte.
"Hilketa handi baten eszenatokia da hau", esan du Stuart Ramsay Sky Newseko kazetariak.
Hainbat lekukoen testigantzak jaso ditu Ramsayk. Lekuko horietako batzuek 150 pertsona nola hil zituzten ikusi zuten abuztuaren 23 eta 24an. Egun horietan matxinoak Tripoli kontrolpean hartzen saiatzen ari ziren Muamar Gadafiren aldeko tropekin borrokatuz.
Bertako bizilagun batek, gainera, biktima gehienak zibilak zirela adierazi duio telebista kateari. Hiltzaileak, bere esanetan, Gadafiren aldeko tropak izan dira.
Setioa Gadafiren bunkerrari
Erresuma Batuko hegazkinek Gadafiren bunkerra bonbardatu dute bart, Sirten, NATOren misioaren barruan, Liam Fox Bretainia Handiko Defentsa ministroaren arabera. Sirte Gadafiren jaioterria eta matxinoen helburu nagusia da.
"Bart, RAFeko hegazkinek Gadafiren bunkerrari eraso egin zioten, Sirten. Leku horietan erregimenaren aginterik edo kontrolik egotea saihestu behar dugu, Tripolitik harantza mugitzeko aukera baitute", azaldu du Foxek BBC telebista kateari egindako adierazpenetan.
Bestalde, Libiako matxinoen indarrek Libia eta Tunezen arteko Ras Jedir muga-postuaz jabetu dira ostiral honetan izandako erasoaldi baten ostean.