Mundua -
Analisia
Israelek segurtasuna galdu du Sinain
Orain arte, Sinaiko muga nahiko kontrolatuta zeukan Israelek, bukatu da egoera hori, baina. Eilat aldean egindako erasoek erakutsi dute komando palestinarrek asmatu dutela nola sartu Israelgo lurrean.
Erredakzioa
Israel kezkatuta dago oso palestinarrekin daukan gatazkak ez ote dion beste frente bat irekiko. Orain arte, Sinaiko muga nahiko kontrolatuta zeukan Israelek, toki bat salbu: Gaza ingurua.
Noiz edo noiz palestinarrek botatako koheteren bat eror zitekeen Gazatik hurbil dauden hirietara, baina Eilat aldean, Jordaniaren mugan, apenas izaten zen gorabeherarik.
Orain, bukatu da egoera hori. Eilat aldean atzo egindako hiru erasoek erakusten dute Gazatik datozen komando palestinarrek asmatu dutela nola sartu Israelgo lurrean Egiptoko Sinain barrena. Mubarak presidente ohia erori arte, ezinezkoa izan da halakorik egitea, Egiptok itxita eduki duelako Gazarako muga.
Baina gaur egun, muga hori zabalik dago, palestinarrak sar daitezke Egipton, kontrol asko igaro behar badute ere, eta Sinai zeharkatuta hegoaldera joz, Eilat aldera iristeko era daukate.
Horrek kezka handia ematen du Israelen, Eilat duelako itsaso gorrirako ate bakarra eta iparraldetik etor zitezkeen erasoak bakarrik espero izan dituelako orain arte, Libanotik alegia.
Israelen erantzuna betikoa izan da: Hamas erabiltzea eta Gazako zerrenda bonbaz betetzea. Hori guztia, hilabete falta delarik Palestinako presidenteak, Mahmud Abbasek, Nazio Batuen Erakundeari (NBE) Estatu palestinarra aitor eta onar dezan eskatzeko.