Mundua -
Der Spiegelen arabera
Italia erreskate batentzako herrialde 'handiegia' dela dio Alemaniak
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak, aldiz, hauteskunde orokorrak 2013tik 2012ra aurreratzeko inolako asmorik ez duela adierazi du, nahiz eta finantza merkatuek presioa egin.
Erredakzioa
Alemaniako Gobernuaren arabera, Italia herrialde handiegia da erreskatatzeko. Ondorioz, Erromako Exekutiboari murrizketa fiskala lortzeko planak ahalik eta azkarren inplementatzeko eskatu dio Merkelek, Der Spiegel egunkariaren arabera.
Angela Merkel kantzilerraren Gobernuko adituen iritziz, Italiak erreskatea beharko balu, merkatuek berehala atzemango lukete Europako erreskate funtsa (EFSF) nahikoa ez dela eta euroguneko kide guztiei eraso egingo liekete, Alemania barne.
Euroguneak sortutako erreskate mekanismoak tamaina txikiko ekonomientzat pentsatuta daude, eta ez Europar Batasuneko ekonomia nagusientzat.
Orain arte erreskatatutako ekonomiak (Grezia, Portugal eta Irlanda) Europar Batasuneko Barne Produktu Gordinaren % 6ra nekez iristen dira, baina Italia euroguneko hirugarren ekonomia handiena da, Alemania eta Frantziaren atzetik.
Berlusconik ez ditu hauteskundeak aurreratuko
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministrioak hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukera baztertu du, nahiz eta merkatuen presioak Italiako zor publikoarengan gero eta presio handiagoa egin. Presio horren ondorioz, erreforma berriak iragarri eta aurretik agindutakoak bizkortu egin behar izan ditu Berlusconik.
"Ez dugu inoiz hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertu. Hipotesi hori ez da inoiz existitu", esan du Berlusconik Palacio Grazioli Erronako etxetik irten eta kazetariek egindako galderei erantzuteko. Egungo legealdia 2013ra arte iraun beharko luke, baina azken egunetako tentsioek hauteskundeak 2012ra aurreratzeko aukera berpiztu dute.