Mundua -
Gobernuaren aurkako protestak
Siriako Armadak 27 zibil hil ditu azken 24 orduetan
Igandean erasoak hasi zirenetik, 137 lagun hil dira Sirian, horien artean 93 lagun Hama hirian, Gobernuaren errepresio bortitzaren ondorioz.
Erredakzioa
Siriako Armadak 27 zibil hil ditu azken 24 orduetan, horien artean 13 Hama hirian, Gobernuaren kontrako manifestarien aurkako errepresio bortitzaren ondorioz, Giza Eskubideen aldeko ekintzaile batzuk salatu dutenez.
Lekuko batzuk jakitera eman dutenez, Ramadaneko lehen eguna igaro ostean, Armadako tankeek Hama hiriko bizitegi-guneak bonbardatu dituzte. Hiri honen kontrola berreskuratzeko operazioa igandean hasi zen. Azken egunetan, Bashar al Assad presidentearen indarrek 137 zibil hil dituzte, horien artean 93 lagun Haman bertan.
Astelehen honetan bildu ostean, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeko kideek ez dute Siriako erasoak errefusatzeko ebazpenik onartu. Duela bi hilabete Europako zenbait herrialdek zirriborro bat zabaldu zuten baina Errusiak eta Txinak -Siriako aliatuak diren eta beto eskubidea duten herrialdeek- horren kontra egin zuten. Brasilek, Libanok eta Hegoafrikak ere kontrako iritzia eman zuten.