Mundua -

Protestak

Ramadanaren hasierak ez du errepresioa baretu Sirian

Siriako erregimenarekin lotutako beste bost pertsonari zigorrak ezartzea adostu du EBk. Al Asad Siriako presidenteak Armadaren 'leialtasuna' goraipatu du.

Sarraskia Sirian: Presidenteak Armadaren leialtasuna goraipatu du

01:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramadan hilabete sakratuaren aurreneko egunean gutxienez sei hildako eragin ditu Siriako Armadak. Bachar Al Asad presidentearen erregimenaren aurkako protestekin amaitzeko ofentsiba egiten ari da Armada.

Bashar al Assaden erregimenarekin lotutako enpresei eta agintariei zigorrak ezartzea erabaki zuen Europar Batasunak, eta gaur beste bost pertsonari zigor horiek aplikatzea adostu du. Biztanleriaren aurka egindako azken erasoen "larritasuna" ikusita erabakia hartu dute, EBko iturriek jakitera eman dutenez.

Bestalde, preso politikoak aske uztea eta indarkeria amaitzea eskatu du Catherine Ashton EBko diplomaziaren buruzagiak. Era berean, krisia gainditzeko "benetako elkarrizketa" bat martxan jartzea eskatu dio Damaskori. Assaden erregimenak "errepresioari eusten badio neurri murriztaile" gehiago izango direla iragarri du komunikatu batean.

Europar Batasunak adostutako laugarren neurri multzoa da astelehen honetakoa. Neurri horiei esker, Siriako presidenteari eta errepresio bortitzarekin lotutako beste 12 laguni Europar Batasunean sartzea debekatu diete eta gainera, haien ondasunak blokeatu dituzte.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak biltzea erabaki du gaur, Siriako Gobernuak oposizioko manifestarien aurka egindako errepresioa aztertu ostean. Igande honetan Sirian jazotako erasoan gutxienez 120 lagun hil zituzten.

Bachar Al Asad

Bachar Al Asad Siriako presidenteak Armadaren "leialtasuna" goraipatu du aldizkari batean Armadaren 66. urteurrenaren harira. Militarrek erregimenaren kontrako protestetan egindako eraso gogorren biharamunean argitaratu da, hain zuzen, laudorioa.

Armada, bere sorreratik, "lurraldearen konpromisoen eta eskubideen defentsaren eredu" izan dela adierazi du Al Asadek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea