Mundua -

Zorraren krisia

Akordioa lortu dute AEBetan ordainketak etetea saihesteko

Demokraten eta errepublikanoen arteko akordioa Senatuan eta Ordezkarien Ganberan bozkatuko dute. Obamaren esanetan, "ez da nahiko nukeen akordioa", baina egindako ahalegina eskertu du.

Barack Obama, Etxe Zurian. Argazkia: Efe.
Barack Obama, Etxe Zurian. Argazkia: Efe.
Demokraten eta errepublikanoen arteko akordioa iragarri du Obamak

04:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emaitzarik gabeko negoziazio eta arrakastarik gabeko botazio ugariren ostean, AEBek zorraren muga handitzeko alde biko akordioa lortu dute gaur, eta, ondorioz, abuztuaren 2an ordainketak etetea saihestea lortu dute.

Adostutako plana Kongresuko bi ganberetan bozkatu beharko dute orain; hala ere, Etxe Zuriaren ustez, "arrakasta ekonomikoa eta aurrekontuen diziplina" lortzeko plana da, eta gai polemiko ugari ditu, besteak beste, 90eko hamarkadatik Defentsako aurrekontuan egindako murrizketarik handiena. Horrela, Senatuak gaur arratsaldean bozkatuko du akordioa.

Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan, "ez da nahiko nukeen akordioa", baina egindako ahalegina eskertu du.

Akordio horren arabera, zorraren muga handituko dute eta 2012aren bukaerara arte ez dute berriro handitu beharko.

Datozen hamar urteetan defizita 3 bilioi dolar jaisteko plana adostu dute; bi fase hitzartu dituzte horretarako, eta epe laburrean zergak handituko ez dituztela agindu dute.

Obamaren hitzetan, lehen fasean "gastuak bilioi bat dolar murriztuko dituzte, datozen 10 urteetan". Murrizketak alderdi biek aurretik adostutakoak dira, zorraren krisiaren eztabaidan hitzartutakoak, hain zuzen, baina erabaki polemikoenak atzeratu egin dituzte.

Erreforma fiskala

Bigarren fase batean, Kongresuko bi alderdiek osatutako batzorde batek "defizita murrizten jarraitzeko proposamena aurkeztu beharko du, azaroa baino lehen".

Bigarren fase horretan, batzorde horrek erreforma fiskala jarriko du abian, eta ez dute zergak igotzea baztertu, baina errepublikanoak horren aurka daude. Halaber, baliteke gizarte programetan aldaketak egitea, baina demokratak horren aurka daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea