Mundua -

Gobernuaren kontrako protestak

Gutxienez 80 hildako Sirian, Armadak Hama hirian egindako erasoan

Militaren indarkeria erabilita erantzun diete beste bi hiritan egondako protestei. Hildako gehienek bala zauriak dituzte buruan.

Armadaren erasoaldiaren irudia. Argazkia:EFE
Ehunka hildako Sirian Armadaren erasoen ondorioz

00:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 80 pertsona hil dira Armadak Hama hirian egindako erasoan. Deir el Zor (ekialdea) eta Herak (hegoaldea) hirietan ere Armadak tankeen bidez egin die aurre Bassad presidentearen aurkako protestei eta ehunka hildako eragin ditu. Horietatik 60 inguru identifikatu dituzte dagoeneko, Herriko Koordinazio Lantaldeak jakinarazitakoaren arabera.

Herritarrek esan dutenez, minutuko lau tiro botatzen ari dira militarrak eta auzo nagusietan argindarra eta ura moztu dituzte. Lurralde horretako herrietan Armadak erabiltzen duen ohiko teknika da argindarra eta ura moztearena.

Sendagile batek esan duenez, tankeek Al Horani ospitalea inguratu dute. "Lau aldeetatik erasotzen ari dira. Zoriz botatzen dituzte tiroak eta herritarrek kaleetan egindako harrizko blokeak puskatzen ari dira". Frankotiratzaileak argindarraren konpainietako antenetan eta kartzelako teilatuetan jarri dira, esan du sendagileak.

Siriako agintariek bertan zeuden atzerriko kazetari gehienak kanporatu egin dituzte eta ondorioz zaila izango da handik datorren informazioa egiaztatzea.

1.583 herritar hil dira martxotik

Iragan martxoaren erdialdetik Sirian erregimenaren aurkako herri-matxinadak daude. Orain arte 1.583 herritar eta 369 soldadu eta segurtasun indarretako kide hil dira, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera.

Honez gain, 2.918 pertsona desagertuta daudela gogorarazi dute, 26.000 lagun atxilotuta omen daude eta horietako asko bortxatuak ere izan direla jakinarazi dute txostenaren bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea