Mundua -
Gosetea
Somalia laguntzeko premiazko aire-zubi bat martxan jartzea lortu dute
Haurren malnutrizioari aurre egiteko 10 bat tona hornigai daramatzan hegazkin bat Nairobitik abiatu da Muqdishora bidean, Munduko Elikagai Programak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Nairobitik Muqdishora haurrentzako elikagaiak bidaltzeko premiazko aire-zubi bat martxan jartzea lortu du gaur NBEko Munduko Elikagai Programak. Somaliak bizi duen goseteari aurre egiteko laguntza humanitarioa bideratu nahi dute aire-zubiaren bidez.
Challiss McDonough Munduko Elikagai Programako bozeramaileak baieztatu duenez, "hegazkina aireratu da" Somaliako hiriburura bidean. Umeen malnutrizioari aurre egiteko gutxienez 10 bat tona hornigai daramatza hegazkinak, bozeramaileak azaldu duenez.
Jomo Kenyatta Nairobiko Nazioarteko Aireportutik abiatzerik ez zuen izan hegazkinak atzo, izapide burokratikoak zirela-eta. Somalia hegoaldeko bi eskualdetan ofizialki gosete egoera ezarri zuen NBEk duela astebete.
Arpilatze eta istiluak
Muqdishok 100.000 errefuxiatu hartu ditu azken bi hilabeteetan. Gerratik eta lehortetik ihes egin eta babesa Somaliako hiriburuan hartu dute errefuxiatuek, baina Muqdishon janaria falta da eta istiluak eta arpilatzeak hasi dira dagoeneko, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak asteartean salatu zuenez.
Afrikako Adarrean 11 milioi lagun egoera kritikoan daude lehortea eta gosetea direla-eta, NBEren arabera.