Mundua -

Krisi humanitarioa

Turkiak zabalik mantenduko du muga, errefuxiatuak EBra joan daitezen

Migrazio akordioa betetzen ari den edo ez argitzeko asmoz, Turkiak eta EBk kontsulta prozesu bat adostu zuten astelehenean Bruselan.

Greziako Poliziak ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili ditu migratzaileen aurka. Argazkia: EFE
Greziako Poliziak ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili ditu migratzaileen aurka.
Greziako Poliziak ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili ditu migratzaileen aurka. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak zabalik mantenduko du herrialde horren eta Greziaren arteko muga, Turkian dauden migratzaileak eta errefuxiatuak Europar Batasunera joan daitezen, asteazken honetan ziurtatu duenez.

"Europara joan nahi zuten pertsonak ez atxilotzeko erabakia hartu genuen duela 9 urte, eta denbora honetan errefuxiatu guztiak elikatu eta jantzi ditugu. Orain Europara joan nahi dute, eta ez ditugu atxilotuko. EBk txantxetan ari nintzela uste zuen, baina egia dela ikus dezakete orain", esan du Erdoganek CNNTürk tokiko telebistan egindako elkarrizketan.

Migrazio akordioa betetzen ari den edo ez argitzeko asmoz, Turkiak eta EBk kontsulta prozesu bat adostu zuten astelehenean Bruselan. Akordio horren arabera, asilo eskatzaileak bere lurraldean mantentzeko konpromisoa hartu zuen Ankarak, 6.000 milioi euroren truke.

Ildo horretatik, Bruselak Turkia EBko parte izateko negoziazioarekin aurrera egin nahi ez duen bitartean Turkiako mugak irekita jarraituko duela azpimarratu du Erdoganek, eta mugimendu askatasuna, aduanetako ituna eta finantza laguntzak aipatu ditu bi aldeek adosteke dituzten gai nagusien artean.

Bestalde, Turkiako presidenteak Greziako Poliziaren jarrera salatu du; izan ere, azken egunotan ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili dituzte migratzaileen aurka, eta Adolf Hitlerren erregimen naziarekin alderatu ditu jokabide horiek guztiak.

"Basakeria da errugabeak diren pertsonen aurka inolako arrazoirik gabe tiro egitea. Mota guztietako tratu ankerrak jasotzen dituzte, Poliziak erabiltzen dituen ur kanoiak eta gas negar-eragileak gogoan izanda", esan du Erdoganek. "Ez dago alde handirik Greziako mugako irudien eta naziek egin zutenaren artean", salatu du.

Turkiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen duela lau urte EBrekin itxitako errefuxiatuei buruzko akordioa eguneratu nahi duela, egungo egoerara egokitzeko. Izan ere, Siriako gatazka dela eta herrialde arabiar horretatik ihesi doazen hiru milioi errefuxiatu baino gehiago daude une honetan Turkian.

Ankararen eta Bruselaren arteko elkarrizketak azken hamar egunotan areagotu dira, Erdoganek mugen irekiera agindu eta Siriako Idlib eskualdean Turkiako militarren presentziari babesik eman ez izana salatu ostean. Horrez gain, migrazio krisiaren kudeaketari Europak emandako erantzuna gogor kritikatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Errefuxiatuak