Mundua -

Atentatu bikoitza Norvegian

Internet, Norvegiako muturreko eskuinari aurre egiteko gakoa

Adituen ustez, Sarea ezinbesteko erreminta izan zen Anders Behring Breiviken muturreko iritziak sustatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak eta adituek azaldu dutenaren arabera, Internet “erreminta paregabea” izan da Anders Behring Breivikek muturreko iritziak sustatzeko. Hartara, askatasun zibilak urratu gabe Sareko eztabaida-lekuak kontrolatzeko erronka ere planteatu dute hainbatek.

"Norvegian, oraindik islamiarren aurkako taldeetako kideak ez diren pertsonak sare sozialetan elkartzen dira batez ere (...) Baina islamiarren aurkako taldeen jarduera areagotu egiten bada, baliteke indarkeriaren erabilera ere areagotzea", jaso zuen Polizia norvegiarrak urtarrilean kaleratu zuen txosten batean.

Horrelako adierazpenek profezia kutsua dute orain, baina txostenak islamiar militanteen mehatxua azpimarratu zuen, eta muturreko eskuina Norvegian "mehatxu larria" ez zela jaso zuen.

Bitartean, islamiarren aurkako fanatiko batek Norvegiako azken urteetako sarraski latzenetako bat prestatu zuen.

Adituen ustez, Interneten utzitako informazioarekin, Poliziak ezin zuen ezer egin Breivik atzemateko.

NRK Norvegiako telebista kateak esan duenez, Breivik Poloniako enpresa bati gai kimikoak erosi zizkioten pertsonen zerrendan zuen Poliziak, baina, aurrekaririk ez zuela ikusita, ikertzeko arrazoirik ez zegoela erabaki zuen. Gainera, Breivik landetxe baten jabea zen, eta hori eman zute gai kimiko horiek erosteko arrazoitzat.

Adierazpenak, Sarean

Breivikek etorkinen eta islamiarren aurkako adierazpenak egiten zituen Interneten. Hala ere, Poliziak urtarrileko txosten horretan adierazi zuenez, horrelako adierazpenak geroz eta ohikoagoak dira eta, ondorioz, geroz eta zailagoa da pertsona bakar bat kontrolatzea.

Breivik atxilotu zutenean, ustezko hiltzaileak beste pertsona batzuekin lan egin zuela adierazten zuten aztarnak zituela adierazi zuen Poliziak, baina, astelehenean susmagarriak Osloko auzitegi batean esan zuenaren arabera, bere elkartean beste bi talde omen daude.

Erasoen aurretik, Breivikek 1.500 orrialdeko manifestu bat argitaratu zuen, islamiarren eta etorkinen aurkakoa, eta Sareko beste webgune batzuk aipatu zituen bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea