Mundua -
Atentatu bikoitza Norvegian
Breiviken agiria 'Unabomber' terroristaren idazkiaren kopia bat da
Ted Kaczynski AEBetako terroristaren idazki bat plagiatu zuen Norvegiako atentatuen ustezko egileak. Kaczynskik 16 lehergailu bidali eta hiru lagun hil zituen 1978 eta 1995 urteen artean.
Erredakzioa
Anders Behring Breivik Norvegiako atentatu bikoitzaren ustezko egileak Ted Kacynski "Unabomber" terrorista estatubatuarraren idazki bat plagiatu zuen. Hori dela eta, Breiviken agiria AEBetako terrorista honen idazkiaren kopia bat da, "VG" Norvegiako egunkari digitalak jakitera eman duenez. Komunikabide honek Breiviken eta "Unabomber"en agirien parrafo batzuk argitaratu ditu, hauek alderatuz.
Ted Kacynski "Unabomber"ek hiru lagun hil zituen 1978 eta 1995 urteen artean, unibertsitateetara eta hegazkin konpainietara, besteak beste, 16 lehergailu bidali ostean.
Egunkari digital honek argitu duenez, Breivikek terrorista estatubatuarraren idazkiaren zenbait kontzeptu ordezkatu ditu, bere muturreko ideologiara moldatzeko.
Norvegiako segurtasun indarrak ostiralean Interneten eskegitako dokumentu hau aztertzen ari dira. Agiri honek etorkinen eta marxisten aurka egiten du.
Breivikek atentatu bikoitzaren egiletza onartu du eta bere esanetan, Islama da "ideologia genozida nagusiena". Interneteko dokumentuak 2009ko udazkenean hasitako erasoen prestakuntza zorrotza jarri du agerian. Terrorismoa "herritarrak esnatzeko bidea" dela dio Breivikek. Gainera, "Bigarren Mundu Gerratik munstrorik handiena izateko" prest dagoela aitortu du.