Mundua -
Erasoak bere gain hartu ditu
Norvegiako erasoak bakarrik egin zituela esan dio Breivikek Poliziari
Gainera, Interneten manifestu bat jarri zuen ostiralean bertan etorkinen eta marxisten aurka "odol guda" aldarrikatuz; idazten zuen azken testua izango zela esanez amaitu zuen.
Erredakzioa
Anders Behring Brevik, Norvegian ostiralean izan zen atentatu bikoitzaren ustezko egileak poliziari larunbatean esan zion sarraskia "krudela" baina aldi berean "beharrezkoa" zela. Eta gainera, berak bakarrik, inolako laguntzarik gabe egin zituela ere aitortu omen zuen. Adierazpen hauek, beraz, zalantzan jartzen dute Poliziak mahai gainean zuen hipotesietako bat, laguntza izan zuela zioena, alegia.
Orain sarraskia egin baino ordu batzuk lehenago Interneten jarri zuen 1.500 orriko dokumentu batean daude zentratuta begi asko, horrek zalantza asko argitzen lagundu dezakeelakoan.
32 urteko norvegiarra erasoak izan eta ordu gutxira atxilotu zuten eta Poliziak zabaldu dituen arabera, eskuin muturreko taldeekin harremana zuen. Brevikek segurtasun indarrei onartu zien berak egin zuela Utoya irlan 85 lagunen heriotza ekarri zuen tiroketa.
Informazio hori guztia Geir Lippestadek, bere abokatuak, eman du Norvegiako telebista kate batean egin dioten elkarrizketan. Neonazi ezagunak defendatzeagatik ezaguna den abokatuak gaineratu zuenez, erasoen ustezko egileak larunbatean ordu asko egin zituen polizia-etxean.
Brevikek ez omen zuen bere gain dauden akusazioetako bat bera ere ukatu, eta poliziari lagunduko ziola ere esan omen zion. Hori bai, erasoen gainean, "krudelak" izan zirela onartu zuen baina "beharrezkotzat" ere jo zituen.
Abokatuak, azkenik, esan du ustezko egileak "urte asko" pasa zituela erasoak prestatzen.
Aurrekaririk gabeko erasoak
Ostiral arratsaldean Oslon eta Utaya irlan izandako atentatu bikoitzean 92 hil dira zifra ofizialen arabera; horietako 80 gazteentzako udaleku sozialdemokrata batean izan den tiroketan hil dira. Bi gizonezko daude atxilotuta.
Sarraskirik handiena, beraz, Utoya irlan gertatu da -85 pertsona hil dira-, baina pare bat ordu lehenago Osloko Gobernuaren egoitza inguruari bonba-autoz eraso egin diote; erasoaren ondorioz zazpi lagun hil eta hamabost zauritu dira.
Herrialdea eta mundua astindu dituen sarraskia gertatu ostean, Norvegiako Harald erregea komunikabideen aurrean agertu da eta "izugarrizko tragedia" deitu dio gertatutakoari.
Halaber, Poliziak baieztatu duenez, baliteke Osloren eraikinen azpian berreskuratu gabeko gorpuak egotea. Iturri honen azaldu duenez, lehergailu gehiago egoteko arriskua dela eta, ez dira oraindik haiengana iritsi.
Manifestua Interneten
Norvegiako atentatu bikoitzaren usteko egileak ostiralean bertan Interneten 1.500 orriko manifestu bat jarri zuen musulmanen eta komunisten aurkako indarkeria aldarrikatuz.
Brevikek "2083 a European Declaration of Independence" izeneko ingelesezko dokumentua jarri zuen eta besteak beste, "odolezko guda" deklaratzen zuen etorkinen eta marxisten aurka, NTB albiste agentziak esan duenez.
"Uste dut idazten dudan azken testua izango dela. Gaur ostirala da, uztailaren 22a, 12:51", jarriz amaitu zuen manifestua.