Mundua -

WikiLeaks

AEBra estraditatzeko prozesu guztia "politizatuta" dagoela salatu du Assangek

AEBko Justiziaren ordezkari gisa aritu den James Lewis fiskalak, ordea, ukatu egin du Assangeri egotzitakoek konnotazio politikorik izatea.

Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea. Artxiboko argazkia: EFE
Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea.
Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) estraditatu ala ez erabakitzeko epaiketa hasi zen atzo, astelehena, Londresen. Epaileak errudun jotzen badu, 175 urterainoko kartzela-zigorra ezar diezaiokete, 2010ean isilpeko informazio diplomatikoa zabaltzea egotzita. Atari horren sortzaileak, ordea, espioitza eta iruzur informatikoa egotzita egindako akusazioak "politizatuta" daudela salatu du.

Epaiketaren lehen egunean, AEBko Justiziaren ordezkari gisa aritu den James Lewis fiskalak ukatu egin du Assangeri egotzitakoek konnotazio politikorik izatea, eta WikiLeaksen sortzailea epaitzeko arrazoi bakarra "kriminalitate zantzuekin lotuta" dagoela adierazi du. 2010ean atxilotu zuten, eta urte hauek guztiak giltzapean eman ditu.

Maiatzean, WikiLeaksen sortzailea estraditatzeko eskatu zion AEBk Londresi, informazioa modu bidegabean jasotzeko espioitzarekin eta konspirazioarekin lotutako 18 delitu leporatuta. Izan ere, 2010 eta 2011 urteetan, Irakeko eta Afganistango gerra-krimenei buruzko txostenak zabaldu zituen atari horretan, Guantanamoko badian izandako epaiketaz kanpoko atxiloketei buruzko artxiboak eta nazioartean izandako giza eskubideen gehiegikeriak agerian utzi zituzten loturak ere zabaltzeaz gain.

Lewisek azaldu duenez, Bradley Manning (Chelsea Manning, egun) soldadu ohi estatubatuarrari isilpeko informazioa ordenagailu ofizialetatik legez kanpo lortzen lagundu eta WikiLeaksen argitaratzeagatik eskatu dute estradizioa, baina ez kazetari gisa egindako lanagatik, defentsak arrazoitu duenaren arabera. Halaber, agiri sekretu horiek zabaltzeak idatzi horietan aipatutako "iturri eta informatzaileen bizitza arriskuan" jarri zuela ziurtatu du Lewisek, baina Assangeren defentsak akusazio hori gezurtatu du, salaketarik ez dutela jarri arrazoituta.

Bestalde, kazetariek informazioa lortzeko egiten duten lanaren aurka espioitza legea ezartzea kazetaritzaren aurkako mehatxua dela esan du Edward Fitzgerald WikiLeaks atariaren sortzailearen abokatuak, eta Assangeren estradizio eskaera bertan behera uzteko eskatu du.

Halaber, prentsa askatasunaren aurka ezarriko litzatekeen aurrekaria saihesteko Barack Obamaren gobernuak kazetaria auzipetzea saihestu zuen arren, 2017an AEBk auzia berriro zabaltzea erabaki zuela gogorarazi du defentsak. Hala, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan asilo hartuta zegoenean Washingtonek eskatuta zelatatu zutela esan du.

WikiLeaksen sortzailearen abokatuaren esanetan, 2016an zabaldutako isilpeko mezu elektronikoetan Errusiaren inplikazioa ukatuz gero Trumpek Assangeri indultua eskaini ziola froga daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Errusia Delituak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Londres Suedia