Mundua -
Erresuma Batua
Londreseko igandeko erasoaren egilea duela astebete irten zen kartzelatik
Poliziaren esanetan, Sudesh Amman da, 20 urteko gizon bat. Erasoan, hiru lagun zauritu zituen; bat ere ez dago larri. Agenteek tiroz hil zuten gaztea.
Agentziak | Erredakzioa
Hilaren 2an, igandean, Londresen izandako erasoaren egilea duela astebete irten zen kartzelatik. Erresuma Batuko hiriburuko Polizia Metropolitarraren esanetan, Sudesh Amman da, 20 urteko gizon bat. Erasoan, hiru lagun zauritu zituen horrek, sastakatuz; bat ere ez dago larri. Agenteek tiroz hil zuten gaztea, Streatham auzoan.
Polizia Metropolitarreko komisario laguntzaile Lucy D’Orsik Twitterreko bere kontuan partekatutako agiri batean dioenez, gaztea ez dute ofizialki identifikatu, baina segurtasun-indarrek ez dute zalantzarik, eta ziurtzat ematen dute Sudesh Amman dela.
Ammani hiru urte eta lau hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten, terrorismo-delituengatik, eta, zigorraren erdia beteta, aske utzi zuten. Komunikabideek diote Polizia zelatatzen ari zela gaztea, hori farmazia batean sartu eta hainbat lagun sastakatzen hasi zenean.
Ikerketek aurrera jarraitzen dute; oraingoz, atxiloturik ez
Scotland Yardek gehitu du agenteek Londreseko hegoaldeko eta Bishop's Stortford udalerriko hainbat etxe miatu dituztela; azken udalerri hori Hertfordshire konderrian dago, Londreseko kanpoaldean. "Atxiloturik ez dago, eta ikerketek aurrera jarraitzen dute", esan dute segurtasun-indarrek.
Erasotzaileak lehergailu faltsua omen zuen gorputzari atxikita. D’Orsik zehaztu du armatutako zenbait agente bertaratu zirela segituan, erasoaren tokian, eta gazteari tiro egin ziotela, "terrorismoaren aurkako operazio aktibo baten barnean".
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak hitzeman ditu neurriak hartuko dituztela terrorismoagatik auzipetutako pertsonen gainean, eraso honen eta azaroan Londreseko Zubian izandakoaren ostean. Orduan, kartzelatik irtendako gizon batek hainbat lagun sastakatu zituen; terrorismoagatik zigortuta zegoen.