Mundua -
Rot am See
26 urteko gizon batek sei senide tiroz hil ditu Alemaniako hegoaldean
Hildakoak hiru gizon eta hiru emakume dira, tartean erasotzailearen aita eta ama. Beste bi pertsona larri zauritu ditu; horietako bat egoera kritikoan dago.
Agentziak | Erredakzioa
26 urteko gizon batek sei pertsona hil eta beste bi larri zauritu ditu Rot am Seen (Alemaniako hegoaldea). Biktima guztiak erasotzailearen senideak dira.
Hildakoak 36-69 urte arteko hiru gizon eta hiru emakume dira, tartean erasotzailearen aita eta ama, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez. Era berean, gainerako biktimak erasotzailearen senitartekoak dira. Gizonak bakarka eraso egin du.
Erasoan beste bi pertsona larri zauritu ditu; horietako bat egoera kritikoan dago. Poliziako iturrien arabera, 12 eta 14 urteko bi adingaberi mehatxu egin die, biak familiako kideak.
Erasotzaileak berak tiroketaren berri eman dio Poliziari telefono dei batean. Segurtasun indarrak hamar minutu geroago bertaratu dira. Deutsche Kaiser izeneko lokalean erasotzailea atxilotu dute.
Rot am Seengo geltokitik gertu dagoen etxebizitza batean gertatu da sarraskia. 5.300 bat biztanleko herri bat da, Baden-Wurttemberg Landerrean, Stuttgartetik gertu.
Ehun bat polizia zonaldean zabaldu dira. Biktima batzuk etxe barruan aurkitu dituzte, eta gainerakoak inguruan.
Poliziako iturriek zehaztu dutenez, erasotzailea berehala atxilotu dute. Gizonak arma-lizentzia du, eta arma labur batekin egin du eraso.
Erasotzailea eta biktima batzuk erasoa gertatu den tokian elkarrekin bizi ziren. Aurreneko zantzuek familia drama bat izan zitekeela azaldu dute, eta ordu gutxi batzuk geroago baieztatu dute.