Mundua -
Iran
Iranek dio itun nuklearra sinatu aurretik baino uranio gehiago ari dela aberasten
Itunean dauden europar herrialdeek, aste honetan, sinatzaileen arteko desadostasunei konponbidea emateko baliabidea eskatu dute. AEBk 2018an alde egin zuen itunetik.
Agentziak | Erredakzioa
Iran 2015eko itun nuklearra sinatu aurretik baino uranio gehiago ari da aberasten egunero, Hasan Rohani presidenteak ostegun honetan esan duenez. Bitartean, itun nuklear horretan dauden europar herrialdeek, aste honetan, sinatzaileen arteko desadostasunei konponbidea emateko baliabidea eskatu dute.
"Hitzarmena izenpetu aurretik baino uranio gehiago ari gara aberasten", nabarmendu du agintariak, hitzaldi batean. Esan duenez, Iranen aurkako presioa areagotu bada ere, herrialdeak "aurrera egiten" jarraitzen du.
Itun nuklearraren arabera, Iranek 300 kilo uranio gehienez bildu ahal ditu, eta horren aberaste maximoa % 3,67 izan daiteke. Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak duela bi egun deitu zuten itunaren sinatzaileen arteko desadostasunei konponbidea emateko baliabidea; horren arabera, gehienez 35 egunetan egon beharko litzateke aurkeztutako kexen gaineko ebazpena. Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak diote onartezina dela Iranek ez betetzea bere konpromiso nuklearrak.
Teheranek, urtarrilaren 5ean, iragarri zuen programa atomikoari ezarritako mugak betetzeari praktikan utziko ziola, uranio-aberastearen mailak barne. Mailaka, itunak ezartzen zizkion behar guztiak kontuan izateari utzi dio Iranek azken hilabeteotan, eta horixe zen, hain zuzen ere, indarrean zegoen azkena.
Ituna 2018ko maiatzetik oso ahulduta dago; izan ere, Ameriketako Estatu Batuek orduan alde egin zuten bertatik. Halaber, AEBk zigorrak ezarri zizkion Irani, berriro ere; gainerako sinatzaileek, alegia, Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak, ez dute zigor horiek indarrik gabe uzterik izan.
"Elkarrizketa, zaila, baina ez ezinezkoa"
Irango Banku Zentralaren Batzar Nagusiaren saio batean, Rohanik, halaber, adierazi du munduarekin elkarrizketa "zaila" dela, baina ez "ezinezkoa", herrialdeak AEBrekin eta Europarekin duen tentsioa gero eta handiagoa bada ere.
"Segurtasun Nazionalaren Kontseilu Gorenaren burua naizen aldetik, segurtasuna nire gain dago, eta egunero galarazten ditut liskar militarrak. Egunero arretarik ez bazaio ematen, gerraren eta bakearen arteko aldea bala bat besterik ez da".
Presidenteak gogora ekarri du zer den beharrezkoa AEBrekin zabalduta dagoen krisialdia gainditzeko: "Nazio bateratu baten erresistentzia eta sendotasuna", alegia. Rohanik jakin badaki barne-zatiketak eta sistema islamiarrerako kritikak daudela, duela egun batzuk 176 lagun zeramatzan hegazkin ukrainarra huts batean lurrera bota ostean.
Iranen eta AEBren arteko tentsioa urtarrilaren 3tik bereziki ari da gora egiten. Egun hartan, Bagdaden, Ameriketako Estatu Batuek Qasem Soleimani jeneral irandarra hil zuten, bonbardaketa batean. Egun batzuen buruan, Teheranen erantzuna izan zen tropa estatubatuarrak zituen Irakeko base militar bati erasotzea.